60 urte pasa egin ditu Joxe Agirrek bertsotan, plazan, eta oso bertsolari maitatua zen. 2004an Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak elkarteko ohorezko bazkide egin zuenean, Agirrek ekitaldian bertsotan esan zuen ez zuela merezi omenaldirik, "beti" egin izan zuena daukan "pixka bat" hori ematea izan zela, eta ohartzen zela "oraindik herriak maite" zuela.
2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian berak jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori —gaur hiru urte eta bi egun—. Agirrek bertsotan egiteko aprobetxatu zuen, baina bertso bat ez, baizik eta lau bota zituen. BECeko bertsozaleek txalo zaparradaz eskertu zioten. (beheko bideoan, bertso bat)
Euzkitze: "Arraza jakin bateko azken bertsolaria"
Xabier Euzkitzek bere Twitterrean idatzi du abenduaren 6an Oñatiko Gaumendi baserrian lagunartean kantari aritu zela Agirre. "Haiek izango zituen azkenak". "Izarraizko azeritzat" jo du Euzkitzek, "basa eta zorrotza, bizia eta zuzena, arraza jakin bateko azken bertsolaria".
Lizaso: "Zuzena, bizkorra eta zorrotza"
"Gurasoen tabernan ibiltzen zen, Landetan", esan du Xebastian Lizasok Berria-n. Agirre bertsolari gisa zuzena, bizkorra eta zorrotza zela uste du. "Zuriari zuri, eta beltzari beltz. Ez zen bigarren arrazoiaren bila ibiltzen. Kalean ere berdin jokatzen zuen". Bazekien jendea eramaten, Lizasoren iritziz. "Oso atsegina" zen, eta estimatua horregatik. "Azeri begirada harekin erraz heltzen zen jendearengana". Baita umeengana ere: "Opariak egiten zizkien, paga eman...". Bertsoa eta baserria zituen afizio. "Ganadu ona" eduki ohi zuen. Orain bi urte kantatu zuen azkenekoz Agirrerekin. "Ondo ikusi nuen. Bertsoetarako mekanikari eusten zion".
Uztarriak Joxe Agirreri 2004an egindako elkarrizketa, 75 urte bete zituenean: "Gazteekin gustura jarduten dut bertsotan, ikaragarri jatorrak dira".