Kontatzen ez naiz hasi (oraindik), baina esango nuke astean bizpahirutan behintzat eramaten dudala lantokiko komunetik zakarrontzira norbaitek han utzitako komuneko paperaren biribilki biluzia. Ez naiz ba prezixo garbitasunaren eta ordenaren apostolua, ez nauzue Marie Kondoren jarraitzaileen zerrendan aurkituko, baina gutxien-gutxieneko batzuk errespetatzen saiatzen naiz; bereziki, toki publikoetan edota, lantokian bezala, bakoitza bere amaren etxeko askok partekatu behar ditugun espazioetan.
Komuneko paperaren azken muturra xahutzea tokatu eta hantxe uztea, gerta daiteke inoiz, akabo ba; baina zakarrontzira botatzea inoiz burutik ez pasatzeak harritzen nau ni, eta iruditzen zait bati baino gehiagori pasatzen zaiola hori. Pertsona helduez ari garela, lantokian horrela jokatzen dutenen etxeetan hankak ote dauzkate objektuek? Beren kasa mugitu eta beren 'buruak' dagozkien zabor potean jartzen ote dituzte? Izan ere, lantokiko komuneko paper biribilkiena txikikeria iruditzen zait igerilekuko aldagelak erabiltzen hasi naizenetik. Buruko zintak edo gantxoak konturatu gabe galtzea, potoren bat dutxetako xaboi tokian ahaztuta uztea... Horrenbeste jende dabilen tokian, ez dira batere harritzekoak. Baina, litroko xanpu pote hutsa lurrean botata utzi eta lasai alde egiten duenari, esaterako, zer gertatzen zaio? Galdera serioa.
Horrelakoetan, hondakinak ustez egoki sailkatzeko hainbat gunetan bata bestearen ondoan ilaran jarritako edukiontzietako tapak altxatutakoan bistaratzen diren ikuskizunen aurrean bezala, burura etortzen zait zero zabor lelo leloa. Ja! Tokitan gabiltza. Umoretik har dezagun, negar malkotan ez hastearren. Portzierto, edukiontzi horietako batzuk irekitzeko ezinbestean txartela erabili behar izaten zen garaiez akordatzen al zarete? Ni ere ez. Azpeitia Guka webguneko Herritarren leihotxoa atalean aipatu zuen herritar batek Zelai Luzen berriro itxi zituztela organikoaren edukiontziak, eta herritarrak ezustean hartu dituela, nonbait, neurriak; hainbeste denboran txartel beharrik gabe ibili ondoren, txartelik gabe joan, edukiontzia itxita aurkitu, eta hondakinez betetako zorroak lurrean utzita, martxa.
Urrestillan, momentuz eta hau idazteko unera arte, ez dugu halakorik. Jarri eta berehala matxuratu zirelako aurrena, pandemiaren garaiko neurriengatik gerora, eta pandemia bukatu zela jabetu ez zirelako-edo azkenik, urteak dira edukiontzi marroia eta grisa irekita daudela. Zaborraren tasak dezenteko gorakada izango duen honetan, agian, itzuliko gara duela urte gutxi kezka nagusi zirudien zerozaborkeriara. Akordatzen atez atekoaren kontrako apokaliptikoez? Ezta ni ere.