'Memoriarako eta Bakerako Kultur Zentroaren II. fasea' proiektua, bukatuta

Formakuntza saioak egin zituzten Fecovameko gazteak diplomarekin.

El Salvadorren historikoki izan dira tamalgarriak hezkuntza baldintzak, eta pandemiarekin okerrera egin dute. Testuinguru horretan, errefortzu akademikoko ekintzak garrantzitsuak dira; batez ere, bigarren hezkuntzan, non gatazka armatua amaitu ondorengo hamarkadetan jaiotako belaunaldi berriak dauden (1980-1992).

Arlo humanistikoan, gazteek beren errealitatea interpretatzeko tresnak izatera bideratu behar da errefortzu hori; herrialdea eraldatzeko xedez, beren buruak izaki historiko bezala aitortu behar dute eta herrialdeko ekintza soziala proiektatu.

Azpeitiko Udalaren lankidetzari esker, Fundabrilek Memoriarako eta Bakerako Kultur Zentroa, II. fasea proiektua garatu ahal izan du. 2021eko irailetik 2022ko otsailera bitartean, maila ertaineko eskolei eta komunitateetako gazteei espazio alternatiboa eta osagarria eskaini zaie hezkuntzako, ikerketako eta kulturgintzako jarduerak egiteko.

Lorpenak

Horrenbestez, proiektuaren lorpen garrantzitsuenak bi dira: 144 ikasle gazterekin formakuntza saioak gauzatu izana; eta Fundabrilen instalazioen hobekuntza, teilatua konponduta eta ikasgela bat atonduta.

Formakuntza saioetan, batez ere, hiru gai landu zituzten: gazteak (gizonak eta emakumeak) memoria historikoaren subjektuak dira; gazteentzako demokrazia eta giza eskubideak, herrialdeko bizitza demokratikoa problematizatzeko; eta gazteen eskubideak, horiez eta errealitate nazionalaz eztabaidatzeko.

Jardunaldiak herri hezkuntzaren funtsean ardaztutako metodologia dinamiko batekin garatu dituzte, hau da, gizarte baldintzatik ezagutza sortzea, elkarrizketa eta problematizazioa. Horrez gain, gazteen errealitatearekin argudio koherenteak eraikitzeko saiakera egin zen, eta kontzientzia historikoa sortzeko eta haien eskubideen alde borrokatzeko antolatzeko beharra sustatzeko ahaleginak ere egin ziren.

Batxilergoko ikasleekin ez ezik, elkarlaguntzarako etxebizitza kooperatibetan bizi diren unibertsitateko ikasle taldeekin nahiz landa eta hiriko komunitatetako erakundeetako gazteekin ere egin da lana. Prestakuntza saioak bi hezkuntza erakundetan egin dira: Barrio Belén eskola Zentroa, Montes de San Bartolo IV hezkuntza instalazioak, Salvadorreko Elkar-laguntzarako Etxebizitza Kooperatiba Elkarteen Federazioarekin (Fescovam), Aguilares eta El Paisnaleko bi landa komunitate antolaturekin, El Salvadorko Landa Komunitateen Batasunarekin (Ucres), El Verdillo komunitatearekin eta El Salvadorko Unibertsitateko Antropologia Ikasleen Elkartea (Aseantropos).

Proiektuaren garapenaren beste alderdi garrantzitsuetako bat gizarte zientzietako profesional gazteen zirkulu bat sortu izana da; izan ere, talde hori Kultur Zentroaren garapenean eta mantentze lanetan elkarlanean aritzeko prest agertu da, baita artatutako 144 gazteei jarraipena emateko ere.

Laburbilduz, proiektu honekin nerabeen eta gazteen formaziorako baliabide alternatiboa eta osagarria den Memoriaren eta Bakearen Kultur Zentroa indartu egin zen; gazte horien prestakuntzarako beharrezkoak diren eta Fundabrilen oinarri diren Gizarte Zientzien gaietan egin dira urratsak.

Kultur Zentroa indartzen eta zabaltzen jarraitzea espero dugu, Fundabril memoria historikoaren eta giza eskubideen hezkuntzaren erreferente gisa aitor dezaten, eta hori El Salvadorreko bizitza demokratikoko eragile politiko garrantzitsua izan dadin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide