Joan den martxoan Azpeitiko Ikastola Ikasberriko 17-18 urteko ikasle batzuekin bezala, urriaren 10ean Iraurgi ikastetxeko 16-17 urteko ikasleekin kontzientzia linguistikoan eragiteko tailer bat egin genuen. Hazparneko (Lapurdi) Saint-Joseph lizeoko ikasle batzuk ere izan ziren. Zaparraie euskara taldeak proposatutako saioak dira, dinamikoak betiere, gazteen artean euskal kontzientzia sustatu edo indartze aldera.
Euskalduntasunaz galdetzen diegu ikasleei, zerk egiten gaituen euskaldun, zerk egiten duen 'euskal'... Euskararen erabilerari buruzko datuak ematen dizkiegu, bai Euskal Herrikoak, bai tokikoak —Azpeitikoak barne—, zer adin tarteetan erabiltzen den gehien... Hizkuntza eskubideen inguruan ere galdetzen diegu, eta argazki batzuk erakutsi, urraketa dagoen ala ez itaunduz. Era berean, aipatzen diegu azkeneko filma zer hizkuntzatan ikusi duten, irratia zer hizkuntzatan aditzen duten, liburuak zer hizkuntzatan leitzen, nola duten konfiguratua poltsikoko telefonoa, eta abar, eta galdetzen diegu ea euskaldunok nahikoa baliabide badugun kontsumoa euskarazkoa izan dadin.
Halako ariketak izaten dira tailerretan, eta helburua da gazteak euskarak eta euskaldunok dugun egoeraz pentsarazten jartzea. Ikasleak taldeka jartzen ditugu, eta gaiak aztertu eta eztabaidatu egiten dituzte. Azken batean, Zaparraieren helburu nagusia kontzientzia linguistikoan eta nazionalean eragitea da.
Urri erdialdera Urola Ikastola BHIko ikasleekin ere egitekoak ginen tailerrak, baina atzeratu egin ditugu. Urtea bukatzerako, Ikasberri Ikastolarekin beste saio bat egitekoak gara.