GUTUNA

Laugarren zezenketa posiblearen inguruko hausnarketa

Erabiltzailearen aurpegia Zortziko zezenzale elkartea

Iazko zezenketa bateko irudia.

Zortziko zezenzale elkarteak honako gutun hau kaleratu du Azpeitiko Zezenzale Batzordeak saninazioetan antolatzeko asmoa zuen laugarren zezenketa ez delako egingo. Azpeitiko Udalaren jarrera salatu du taldeak, Zezenzale Batzordeari ez diolako baimenik eman laugarren zezenketa hori egiteko.

Badira pare bat urte herriko zenbait zezenzalek Zortziko Zezenzale Elkartea sortu genuela. Azpeitian zezenak azken mendeetan izaniko presentzia eta egun azpeitiarrok horren baitan ospatu ohi ditugun ekintzak kontuan izanda, zezenzale sare bat sortu eta ekimen hainbati indarra emateko asmoz eratu zen egun 120 bazkide baino gehiagoz osatuta dagoen taldea. Datozen San Inazio festen bueltan, urtero lez antolatuko den zezenketa sortaren inguruan azken asteotan jasotako zenbait albistek testu hau argitaratzera bultzatu gaitu.

Ugariak izan dira azken hilabeteotan aurrera emandako ekintzak, txangoak eta juntadizoak. Uztailera begira jarrita eta pasa den urteko edizioak izaniko arrakasta baliatuta –Azpeitiko plazan izaniko lehen indultua eta toreatzaile ugariren momentu ona–, Zezenzale Batzordeak zezenketa estra bat gehitu nahi izan dio lehendik egin ohi den hirukoteari. Erantzuna, Azpeitiko Udalaren partetik, garbia bezain argudiorik gabea izan da: hiru zezenketa bai, lau ez. Ezetzaren zergatia, ezereza bera.

Jakin badakigu herriko zezen plaza historikoaren titularitatea Azpeitiko Udalaren esku dagoela. Jakin beharko lukete, hala ere, Udal Gobernua osatzen dutenek herritar guztion ordezkaritza direla eta beste edozein erakundek udaleko ateak jotzen dituenean bezala, beste errespetu mota batekin kontsideratu beharko lituzketela herriko Zezenzale Batzordeak proposatutakoak. Izan ere, zezenketen afera, aberastasun sortzaile eta inpaktu ekonomiko eragile izateaz gain, herriaren mesedetan egiten den egitasmoetako bat da. Zenbaezinak dira Euskal Herritik zein gure mugez haratagotik herrira gerturatzen diren zezenzaleak, gure kulturarekin, zezenketen baitako giroarekin eta bertako gastronomiarekin txundituta, besteak beste. Mugimendu handia eragiten du mende luzeko historia duen feriak bertako jatetxeetan, hoteletan zein tabernetan. Zezenzale Batzordeak, ongintzazko heinak jomugan, zezen plazaren erabilera bera besterik ez dio eskatu herriko udalari. Ez erregu ekonomikorik ala eskaera monetario berezirik. Hiru egunetarako emandako baimena luzatua izan zedila beste egun batez, asteburua osatzeko ganadutegi historiko baten zezenketa berezi bat programatuz. Herriaren prestigioa areagotuko lukeen azken ginga. Aukera galdua, zoritxarrez.

Tristea zaigu zenbaitek bere terrenoan ondutako elementutzat hartzea festak, herriaren zati dezente bat kanpoan utziz. Festak, askatasunez bizitzeko eta herrikideekin topatzeko gune bilakatu baino, frente batu eta homogeneo bat eratzeko erabili nahi dituzte, diferentziak seinalatuz, desberdina baztertuz eta kolore zein bandera determinatu batzuk inposatuz. Aniztasuna eta dibertsitatea ahoan dutenak, ez dira gai praktikan egunerokoan bizilagunarekin dituzten tirabirak edota perspektiben arteko talkak alboratzeko eta kalea gizarte heterogeneo eta anitz baten islada dela onartzeko. Zortziko zezenzale elkarteak garbi du bere zeregina, eta politika kontuetan lokaztu nahi gaituenak zezenzaletasuna bere aniztasunean hauspotzen diharduen talde bat topatuko du parez pare.

Azkenik, probestu nahiko genuke gure lehen argitalpen hau Azpeitiko Zezenzale Batzordeak azken bi hamarkadetan eginiko lana azpimarratzeko eta goraipatzeko. Guztiak kontrako haize dirudien garaiotan, zezenak eta horrenganako begiruneak gure herrian erroak sendotzea lortu baitu. Gure mugez haratago, Azpeitia ezagutarazten eta herriaren prestigioa eta balioa lau haizetara zabaltzen egindako lana nabarmentzekoa izan da. Estatu mailan, Frantzian zein beste zenbait herrialdetan errespetatua den zezenketa zikloa biziberritzea eta indartzea lortu dute, 1903an eraikitako zezen plazak bereak dituen izaera berezia eta kutsu tradizionala errespetatuz. Hauspo ekonomiko garrantzitsu eta herriko festen ikur bilakatu dira saninazioetako zezenketak, gazteen artean zezenzaletasuna areagotzea lortuz eta belaunaldien arteko transmisio kate baliotsua eratuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide