Erraustegiaren kontra Altuna y Uriaren bulegoen aurrean deitutako kontzentrazioarekin bat egin du Gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2016ko abe. 14a, 12:31

\"Ta hik ze esango iyonan Altuna y Uriai?\" galdera egin genion elkarri idazten hasi aurretik, eta ohartu ginen lehenik eta bein idatzi honen zergatiak arrazoitu behar genituela, iritzi ezberdinak medio. Gure uste apalean, zailena ez da arrazoiak bilatzea, arrazoi horiek modu erraz eta ulergarrian plazaratzea baizik. Denok dakigun moduan, Altuna y Uria eraikitze lanez arduratzen den enpresa bat da. Gaur egungo merkatu arau guztiei so eginez \"diruagatik edozer\" logika guztiz barneratua duena. Ondorioz, Azpeitiko herritarrongan eta gizartearengan duen eragin negatiboaz jabetuz, gure kezka plazaratzeko dator idazi hau. Horretaz gain, datorren asteburuan errauste planta egin nahi duten enpresa guztien aurrean kontzentrazioak egingo dira Gipuzkoa osoan. Altuna y Uria herrian izanik eta errauste planta nahi ez dugunez, haien egoitza aurrean biltzeko deialdiarekin bat egiten dugu.\ \ Gaur egun jasaten hari garen eredu ekologiko, ekonomiko eta politikoaren erantzuleetako bat izanik, adibide garbia da herrian zer ez dugun nahi esteko. Enpresa eraikitzaile bat izanik, eredu ekologikoari dagokionez izugarria da Altuna y Uria bera bakarrik sortzen ari den aztarna ekologiko eta energetikoa. Ingurua suntsitzeaz aberasten diren enpresaburuak ditugu hauek, gainontzeko guztiontzat hondamendia ekarriz. AHT eta erraustegia, esaterako. Eredu ekonomikoari dagokionez, ez dago gehiegi azaldu beharrik. Etxebizitzen espekulazioaren ondorioz etorritako krisi sozial eta ekonomikoa, makroazpiegituretan jokatzen ari den papera eta beronek dakarkien diru publikoaren xahuketa eta zor publikoa. Eta ezin da aipatu gabe utzi gainkostuen kontua. Baina hori guztia ongi bideratzeko ezinbestekoa da gaur egungo eredu politikoa, hau da, enpresen xantaietan eroriko diren politikariak boterean izatea guztiz beharrezkoa da. Eta horretaz asko daki Martin Ascacibarrek, gaur egungo Altuna y Uriako zuzendari nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Garapen Teknologiko saileko zuzendaria izan baitzen Ibarretxeren legegintzaldian. Martin Ascacibar subentzioak ematen zituen politikaria izatetik, subentzioak jasotzen zituen enpresaria izatera pasatu zen (2009an). Beraz, esan genezake boterearen bi aldeak ongi ezagutzen dituela, bai publikoa eta baita pribatua ere. Altuna y Uria Martin Ascacibarren gidaritzapean egiten ari den eraikuntza lanen lista ikusgarria da, eta zer esanik ez berauetan dauden gainkostuak (behean doaz atxikita).\ \ Ikusi berri dugun jokamolde horri erantzuten dion enpresa bat herrian izateak duen eragina nabarmena da. Herriko azpiegitura lan handi ia denak bere esku daude, herriko etxebizitzen eraikitze lanak Altuna y Uria eta Munoren artean banatzen dira, jada ez da lehen zeuden kooperatiben arrastorik. Bi enpresa handi horiek jan dute etxebizitzen merkatua. Altuna y Uriak herrian duen jabetzak eta eragiten ari den lehengaien xahuketak (Sistiaga errekako kantera adibide) gauzak beste modu batera egitea asko zailtzen du. Baina enpresa horren atzaparrak herritik urrun heltzen dira eta ze adibide argiago (beste behin) AHTrena baino. Urteak daramatza makroazpiegitura hori eraikitzen eta orain erraustegia eraikitzeko lanetan ere muturra sartu du. Altuna y Uria, Moyua eta Murias enpresa multzoari egotzi diote erraustegia egiteko ardura, URBASER-en gidaritzapean. \ Zenbat norbanako, etxe eta herri ari dira Altuna y Uriak eragindako hondamendia jasaten? Honelako egoera larri baten aurrean, argi dugu beharrezkoa dena, eredu aldaketa bat dela, baina eredu aldaketa hori pauso txiki askok ekarriko dutela jakitun, abenduaren 16an Altuna y Uria aurrean (Loiolan) deitu den kontzentrazioan bat egitera animatzen zaituztegu. 'Errausketarik ez!' lelopean, pauso txiki horietako bat ematera, pauso txikiak emanez etorriko baitira handiak ere.\ \ Altuna y Uriak herrian egin dituen zenbati lanen zerrenda:\ \ -Paulo VIko igogailua eta urbanizazio lanak.\ -Loiolabideko etxe berriak.\ -Plaza Nagusia.\ -Epaitegia.\ -San Agustin ondoko gune estalia eta urbanizatzeko lanak.\ -Berdura plaza\ -Sanjuandegi auzoa eta Etxebeltzen arteko zubia.\ \ Aipaturiko horiek adibide batzuk besterik ez dira.\ \ Altuna y Uriak Euskal Herrian eginiko zenbait lanetan gainkostuak egon dira:\ \ -AHTan.\ -A8 errepideko Urumea-Errenteria zatian. (%54,62ko gainkostua izan zuen zati horrek).\ -Balentziaga museoa. (Hasieratik ez zen egon lan horietan baina berak amaitu zituen. 4,8 milioi eurotik 15 milioi izatera pasatu zen azkenean. 8 urteko kartzela zigorra eskatu dute lehengo EAJko alkatearentzat).\ \ Altuna y Uriaren jabetza batzuk (guk ez ditugu gehiago ezagutzen, norbaitek gehiago baleki idaztea eskertuko genuke):\ \ -Ospitale zaharra. \ Hormigoia egiteko plantak:\ - Azpeitikoa\ - Aiakoa\ -Sistiaga errekako kantera\ -Burdin planta\ \ \ Norberak atera ditzala bere ondoriok.\ Inforamzio iturriak:\ -Elperiodistacanalla.\ -Azpeitiko Udalaren webgunea.\ -Altuna y Uriaren webgunea.\

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide