Nagusia kanpoan bizi da liburuaren aurkezpena egin zuten atzo, osteguna, Hiromi Yoshida hizkuntzalariak eta Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak, Azpeitiko Gaztetxean. Yoshidak Katakrak argitaletxearekin kaleratu duen azken liburua da Nagusia kanpoan bizi da lana, baina jatorriz Takiji Kobayashiren obra da. Euskarazko edizioaren hitzaurrea Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak idatzi du. Ondo baino hobeto gidatu zuten atzoko saioa Yoshidak eta Arabarrik, bertaratu ziren adin ezberdinetako lagunen intereserako.
Saioarekin hasteko, Takiji Kobayashiren lanaren inguruko xehetasunak eta autorearen zenbait datu biografiko azaldu zituen Yoshidak. Ale ezberdinetan argitaratutako obrak dira Kobayashiren lanak, aldizkarietan zatika argitaratutakoak, hain zuzen. Literatura joera horren berezitasunak izan ziren hizpide solasaldiaren aurreneko zatian. Ondoren, literaturak eta langile mugimenduak Japonian duten garrantziaz aritu ziren hizlariak.
Errentan bizi ziren nekazarien iraultza nahi eta ezin horretan, literatura saiatzen zen nekazarien errealitateaz hitz egiten eta haien bizitza hitzen bidez islatzen. Horrez gain, japoniar nekazal literaturak iraultzarako ahalduntze kulturala ere aldarrikatzen zuela azaldu zuten atzoko saioan. Horren karira, Azkoitia eta Azpeitia inguruetan jazo zen 1766ko Gariaren Matxinadaren gaia jarri zuten mahai gainean.
Amaitzeko, langile mugimendu ezberdinen literaturaz aritu ziren, patxadaz, hizlariak zein solasaldira bertaratutako lagunak.