Gaur egun edozeini ez zaio etxeko aterik irekitzen horrela eta horrela, eta karrerakoa edo portalekoa zabaltzeko ere nahiko lan. Gu umeak ginenean, berriz, urtean bizpahirutan gutxienez, ibiltzen ginen etxez etxe, atez ate; beti ez bazen, ia beti eskean gu.
Gabonen aurretik, "Txinan eta Afrikan goseak zeuden ume pobreentzako" dirua biltzeko hurrengo urteko egutegiak saltzen ibiltzen ginen etxez etxe. Oker ez banago, mahai gainerako egutegiak izaten ziren, eta hilabete bakoitzeko orrialdean argazki bat izaten zuten; besteak beste, haurrak oinutsik, puskatutako arropekin edota sabel puztuekin azaltzen ziren irudi haietan. Egutegi haiek salduta bildutako dirua misioetara bidaltzeko zela esaten ziguten.
Eguberrietan, nola ez, gabon eskean ateratzen ginen, eta orduan ere aterik ate herriko auzoetan barrena etxez etxe ibiltzen ginen, txirrina jo eta nola hala kantuan. Gogoan dut Alaken kantua udaletxeko batzar aretoan ikasi genuela; ez dakit nondik nora, baina Gabonen inguruan umeentzako ekintza bat antolatu zuten bertan, eta hara joan ginenean, bateren batek erakutsi zigun abestia.
Neguko garai tarte horretan izaten zen ate joka ibiltzeko beste hitzordu bat ere; dantza taldeko, futboleko... zozketetako boletoak saldu behar izaten ziren, eta egun zenbaitetan egiten den bezala, ez ziren denak etxe barruan edota senitartean saltzen. Eskailerak gora eta behera –igogailurik ere ez zen ia etxepeetan– ibili behar izaten genuen, txartel guztiak saldu nahi bagenituen.
Atez ateko ibilera ederrena edota emozionanteena udaberri eta uda arteko sasoikoa izaten zen guretzako: San Joan surako trasteak biltzeko egiten genuen hura. Jendeak ganbaretan edota trastelekuetan zituenak ematen zizkigun sutan erretzeko. Zer ez genuen biltzen! Han ibiltzen ginen, etxe batean koltxoia ematen baziguten, hura arrastaka genuela kalean zehar gure auzoko su lekura eramateko. Arropa tontorrak ere jasotzen genituen, eta San Joan bezpera aurretik, bilduta genituen arropak jantzi eta antzerkiak antolatzen genituen.</span
Ume ez ginela, etxerik etxe ez, baina buzoirik buzoi ere ibilitakoak gara, Uztarria aldizkaria taldeko kideok banatzen genuenean. Geure artean auzoak banatu, eta pare bat egunetan harpide eta bazkide guztien etxeetan uzten genituen aleak. Banaketarako auzorik estimatuena Sanjuandegi zen, hango karreretako ate asko zabalik izaten zirelako, eta etxepe gehienetan egoten zelako txirrina jo eta atea zabaltzen zuenen bat. Beste auzo batzuetan, aldiz, karreretara sartzeko lanak izaten genituen, ateak itxita egoten zirelako eta txirrina jota ere inork ez zuelako kasurik egiten. Familia gazteenak bizi ziren auzoak ziren horiek. Gaur egun, zahar ala gazte, ez dugu horrela eta horrela etxeko atea zabaltzen. Garaiak aldatu dira...