Gaztetan banuen lagun bat kapelak oso gustukoak zituena. Era, forma eta kolore askotakoak zituen: panazkoak, feltrozkoak, artilez egindakoak, hegal zabalagoarekin, estuagoarekin, biseraduna... Bat edo beste Azpeitian bertan erositakoa zuen, beste batzuk herritik kanpo eskuratutakoak, eta bat baino gehiago opari jasotakoak ere bai.
Kapelak gustuko izan arren, kalera inoiz ez zen ateratzen berak etxean zituen haietakoren bat jantzita. Zehaztu dezadan: Azpeitian ez zuen janzten kapelarik, baina bai herritik kanpo zebilenean edota beste herriren batera joaten zenean. "Atentziorik" eman nahi ez zuelako ateratzen zen herrian kapelarik jantzi gabe, bakarren bat edo beste besterik ez zelako "ausartzen" herrian kapela janztera, besteen ahotan egoteko gogorik ez zuelako... Sasoi hartan harentzako herriko festarik ederrenak karnabalak ziren, nahi zuen eran jantzita kalera ateratzeko aukera zuelako.
Urte asko dira kontu horiek hala bizi genituela. Urteak pasatu dira. Janzkerak eta modak itxuragabe moldatu, berritu edota lehengoratu dira. Orduan baino jatorri gehiagoko herritarrak bizi gara herri berean, Internetarekin mundu zabalagoaren berri dugu bat-batean eskura eta gure ustez nahieran... Hala eta guztiz ere, zenbait kontuk lehengo eran segitzen dute gure herrian; batzuk onerako, eta beste batzuk txarrerako. Horretaz jabetzeko, irakurri besterik ez dago Oihu bat isiltasunean liburuxkan herriko LGTBI+ kolektiboko hainbat pertsonak kontatzen dituztenak. Ederrak pasatu dituzte batzuek, gure ondoan, ikasgelan, kalean... eta isilean gorde dituzte. Bitartean, inguruan itsu eta mutu. Asko pasatu da, eta asko dago egiteko berriro gerta ez dadin, baina argi diote denontzako herria egiteko "denona" dela ardura.
Aipatu liburuxkako zenbait testigantza irakurrita, txikikeria bat izan liteke gustuko osagarri bat soinean eramatera ez ausartzearena. Batzuetan, ordea, ondokoarentzako txikikeria dena handi da egoera bizi duenarentzako.
Herrian lasai bizi ahal izateko ez dugu zertan denok trokel berean eginak izan behar. Beraz, kapela buruan eta ibili/bizi nahi duzun eran.