300 bat lagun izan dira Aretxabalaren eta Turielen hitzaldia entzuten

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2023ko mai. 5a, 18:04

Mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurka dauden bailarako hainbat elkartek martxan jarritako 101 arrazoi egitasmoaren barruko saioa izan zen atzokoa.

Ia bi ordu iraun zituen Antonio Turielek eta Antonio Aretxabalak atzo arratsaldean Soreasu antzokian eman zuten hitzaldi konplexuak. Hala ere, fin egon ziren bertaratutako 300 lagunak bi adituei entzuten.

Materialen krisiaren gaiaren bueltan erreferenteak diren bi ikertzaileok oso argi utzi zuten Sañoan, Oletan eta beste hainbat tokitan egin nahi dituzte zentral eolikoak egiteko behar diren lehengaiak ez direla berriztagarriak. Erregai fosilen, horien eratorrien zein uranioaren produkzio tontorra aspaldi pasatu zela adierazi zuten, eta ondorioz, gero eta urriago eta garestiago izango direla. Errentagarritasun energetikoa izateari 2040 urtearen inguruan utziko diotela azpimarratu zuten, haietako asko agortu aurretik; agortzea 2025erako aurreikusi zuten. Aipatutako lehengai horiek ezinbestekoak dira zentral eolikoak eraiki ahal izateko.

Munduaren elektrifikazioa egun ezinezkoa dela ere aipatu zuten. Munduko energia guztiaren kontsumotik %20 bakarrik da argindarra. Beste energiak ordezkatzeko sistema eraginkorrik ez da asmatu oraino. Alabaina, estatu espainiarraren kasuan, elektrizitate kontsumoa 2008tik jaisten ari dela azpimarratu zuten bi ikertzaileek.

Alternatibez galdetuta, argi erantzun zuten biek egungo eredu sozioekonomiko kapitalista aldatu gabe, ezinezkoa izango dela egun dugun krisi ekosozialari aurre hartzea. Krisi klimatikoa bertan izan arren, are eta larriagoak diren beste krisi batzuk badirela ere aipatu zuten, bioaniztasunarena edo elikadura krisia kasu. EAEko kontsumoa aipatu zuten bereziki. Bertan ekoitzitako elikagaietatik %10 soilik kontsumitzen da bertan. Beste guztia, %90, kanpoan produzitu eta handik garraiatua da. Galdera garrantzitsua egin ziten entzuleei: "Landa eremuak zentral eolikoz josten baditugu, non sortuko dugu beharrezko dugun elikagaia?".

Interesgarria izan zen zinez atzokoa. Antolatzaileek grabatu eta euren sareetan jarriko dute hitzaldi osoa laster.

Bukatzeko, hurrengo hitzorduak ere aipatu zituzten:

  • Maiatzak 9, asteartea. Gustavo Duchekin eta Josebe Blancorekin mahai ingurua, 19:00etan, Azkoitiko Elkargunean.
  • Maiatzak 17, asteazkena. Eva Maria Fjellheim aktibista samia izango da Azpeitian (ordua eta tokia zehazteke).
  • Maiatzak 20, larunbata. Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik lemapean, manifestazio nazionala Gasteizen. Egun gure lurraldean martxan ditugun proiektu txikitzaileen aurkako manifestazio bateratua izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide