"Hego Euskal Herriko ekonomiaren metabolismoa larriki zaurituta dago. Sortzen dituen inpaktu ekologiko larriengatik jasanezina izateaz gain, ezinezkoa da etorkizun hurbilean mantentzea". Funtsezko ondorio hori da, desazkunde ekonomiaren aldeko hautuarekin batera, Adrian Almazan eta Luis Gonzalez Reyes (Ekologistak Martxan konfederazioko kideak) ateratzen eta garatzen dutena, Manu Robles Arangiz Fundazioak eta ELAk berriki argitaratutako ikerketa txostenean.
Askotan eskatzen zaigu azaltzeko eskala handiko zentral elektriko berriztagarrien ezartze masiboaren aurrean zein den gure alternatiba. Bada, ekonomiaren etengabeko hazkundearen parametroetan kokatzen bazaigu galdera, alternatibarik ez dagoela erantzun beharko dugu; termino horietan planteatzen den berriztagarrietarako trantsizio hori bera ere ezinezkoa den heinean. Hazkunde ekonomikoaren dogmak bazter uzten ditu bi funtsezko kontu: erregai fosilen fluxu ugari eta egonkorrik gabe ezinezkoa dela gizarte industrial garaikidearen jarduera ekonomiko oro; eta, energia kopuru izugarri horren erabilerak ezinbestean dakartzala eragin ekologiko larriak: berotze globala, deforestazioa, biodibertsitatearen galera, kutsadura, etab.
Alternatiben debatea, beraz, beste parametro batzuetan kokatu beharra dagoela dirudi. Bizi dugun sakoneko krisi ekosozialari, dituen ertz ugarietatik begiratuta, eta gaur egun berezkoak eta aldaezinak diruditen hainbat jarduera sozial eta ekonomikoren eraldaketaren bidetik: lanaren eraldaketa ekosozialaren bidetik, esaterako.
Adrian Almazan filosofia irakaslea da Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Filosofian doktorea, fisikan lizentziaduna eta Ekologistak Martxaneko kidea da.