Eta orain, zer?

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2024ko mai. 15a, 14:04

Piaspe proiektuaren elementuak jasotzen dituen mapa bat.

Piaspe zentral eoliko proiektuari alegazioak egiteko epea amaitzear dela, "arduraz joka dezatela, eta tokatzen zaien gisan, defenda ditzatela euren udalerrietako ondare naturala eta herritarren ongizatea" eskatu die Sañu Bizirikek Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udaletako ordezkariei.

Maiatzaren 22an Piaspe zentral eoliko proiektuari alegazioak egiteko epea amaituko da. Hortik aurrera, hilabete batzuetako epean, proiektuari bide emango liokeen Aurretiazko Administrazio Baimenaren emakida edo horren ezestea ebatziko da, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioa barnebiltzen duena. 20 hilabete pasatu dira jada egitasmoa publiko egin zenetik, hau da, Statkraft enpresako ordezkariak Urkullu lehendakariari eskua ematen ikusi genituenetik. Haatik, Piaspe proiektua hori baino dezentez lehenagotik eta dezentez gertuago ere egosten ari zela jakina da.

Honezkero guztiok jakingo ditugu proiektu horren nondik norako nagusiak: (1) 205 metroko bost aerosorgailu Arauntza-Sañoa-Etumeta mendi gainean (Odria eta Txillarramendi auzoetako baserri lurretan, Azpeitia-Zarautz eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean Paisaia Interes Bereziko Gune gisa izendatuan, eta Izarraitz eta Hernio-Gazume Natura 2000 Sareko guneen arteko korridore ekologikoan); (2) Zestoako erdigunetik abiatuta Akoa bailaratik zehar nekazaritza eta natura balio handiko lurrak eta hainbat baserritako atariak gurutzatuz, eta enpresaren esanetan %91 eginda (!) legokeen zortzi metro zabaleko bidea; (3) Arauntza gainetik Lasaoko azpiestazioraino, baserri eta etxe artetik 40-50 metroko altuerako hamar dorrez osatutako goi-tentsioko ebakuazio linea.

Ez gara sartuko hemen Statkraft enpresak, dirudienez, proiektu honi kutsu sozialagoa edo demokratikoagoa emateko egindako eskaintzaren zerizanean, ez bizi dugun krisi ekosozialaren aurrean, ia aho batez onar dezakegun legez, aurretik ditugun erronka itzelei buruzko argudiaketetan, horietatik bat delarik energia trantsizio gisa ezagutzen duguna eta bakarra balitz bezala eta modu bakarrean egitekoa bezala aurkezten eta inposatzen ari zaiguna. Luze jardun genezake hori eztabaidatzen, hartarako aukerarik balego, besteak beste; baina, orain, eta proiektu jakin honi eta planteatzen zaion kokalekuari dagokionez, egin dezakegun ariketa da, ea halako makroproiektu batek indarrean den legediaren eta legedi horrek ezartzen dituen printzipioen araberako baldintzak betetzen ote dituen aztertzea.

Piaspe bezalako eskala handiko berriztagarri elektriko industrialen proiektuen kokapenak arautuko lituzkeen Lurralde Antolaketa Planik ezean, tramitean dauden proiektuek –bide batez esanda, nolatan daude tramitean hartarako onartutako planik ez badago?– ukitzen dituzten udalerrietako Hiri Antolaketako Plan Orokorretan (HAPO) kabitu behar dute, ezinbestean. Gaur-gaurkoz, eta Statkraftek bere proiektuan onartzen duen moduan, euren proiektua ez da bateragarria Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurzoru ez urbanizagarrietan halako azpiegitura bat ezartzearekin, bakoitzak bere arrazoiak dituela medio. Horrek eskatzen du gutxienez bi udalerritako (Errezil eta Zestoa) HAPOak aldatzea, eta ondoren zentral eoliko hori baimenduko lukeen Plan Berezi bateratu bat egitea. Guk dakigula, ez dago horretarako adostasunik enpresaren eta hiru udalen artean; ez guztien artean, behintzat. Orduan?

Hori, alde batetik. Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari buruz, horrelako proiektuek ingurumenean eta gizartean eragin ditzaketen kalteen babeserako tresna edo prozedura juridiko bakarra izateaz gain –Statkraftek iazko udan 'saltatu' nahi izan zuena, bide batez berriro ere esanda–, argia da Europa eta Espainiako Estatu mailako jurisprudentzia ezartzen ari den interpretazioaren muina; eta da, ez dela nahikoa enpresa sustatzaileak (Statkraftek) Ingurumen Inpaktuaren Azterlan dokumentu potolo bat aurkeztea eragingo dituen kalteen edukiak eta balizko neurri zuzentzaileak eta kalte-ordainak zehaztuz, baizik eta beharrezkoa dela erabateko justifikazioa, proiektu horrek eragindako baliabide naturalen eta horiekin loturiko gizartearen gaineko kalte esanguratsurik ez duela ekarriko. Eta hori, Statkraftek goian aipatutako baimenak lortzeko aurkeztu duen Ingurumen Inpaktuaren Azterlanean ez da inondik inora ikusten; kontrakoa baizik. Ez soilik guk diogulako, noski; guk –eta hiru Udalek– bateko eta besteko adituei eskatutako eta jasotako alegazio txostenek hori bera uzten dute agerian.

Arriskuan jartzen da proiektuak zuzenean –nahiz eta horietatik kanpo egon– ukitzen dituen Natura 2000 Sareko Izarraitz, Pagoeta eta Hernio-Gazume guneen izendapena bera eragin zuten elementuen jarraikortasuna: habitat naturalak eta horiek bizileku eta ibil-leku dituzten espezieak, babestuak eta galtzeko zorian daudenak: miru gorria eta sai zuria, esaterako. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten bertan Zestoako Udalak eskatuta eginiko hegazti faunari buruzko txostena irakurri besterik ez dago eremuaren aberastasunaz jabetzeko eta Statkraften datuak zein ondorioak nola gezurtatzen dituen ikusteko.

Proiektuak kolokan jarriko lituzke, halaber, aerosorgailuek, bideak eta ebakuazio lineak kaltetzen dituzten auzoetako bizilagunen bizi kalitatea eta etorkizuna.

Eta, azkenik, balio sozial eta kulturalei dagokienez ere, agerikoa litzateke galera herritar ororentzat, direnak direla euren interesak zein tokiarekiko eta orokorrean ingurumenarekiko dituzten lotura afektiboak. Jar ditzagun adibide gisa mendizaletasuna, edo, agian jende askok ezagutzen ez duena, eta berriro ere Statkraften Ingurumen Inpaktuaren Azterlanaren eskasa agerian jartzen duena: Antxieta Arkeologia Taldeak berriki egindako azterketa batek, arkeologia intereseko 50etik gora elementu potentzial identifikatu ditu Arauntza-Sañoa-Etumeta mendi gainean (tumuluak, lubakiak, harrobiak eta abar), eta Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku jarri ditu bere txostena eta proiektua. Statkraftek lau besterik ez ditu identifikatu. Norberak atera ditzala kontuak.

Guzti horren jakitun dira, gu bezalaxe, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udaletako ordezkariak. Bi urte (edo gehiago) isilik eta "proiektua aztertzen" egon ondoren, eskatzen dieguna da arduraz joka dezatela, eta tokatzen zaien gisan, defenda ditzatela euren udalerrietako ondare naturala eta herritarren ongizatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide