Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo EH Bilduren udalen helegitearen idatziari erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2024ko eka. 5a, 16:22

Piaspe proiektuari alegazioak jarri eta Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalek argitaratutako prentsa oharraren inguruan, Sañu Bizirik taldeak egindako irakurketa da honako hau. 

Orain dela bi aste hiru udalek egin zituzten adierazpenen harira, nahiz eta beraiek kontrakoa erakutsi nahi izan, Sañu Bizirikek herritarrei adierazi nahi die Sañoak zentral eoliko bat izateko arrisku bizian jarraitzen duela. Udalek eta beste hainbat eragilek alegazioak jarri badituzte ere, eta, prozedura administratiboak luze jo dezakeen arren, momentuz proiektua bere ohiko prozesuan doa. Hiru udalek alegazioak aurkeztu izana herritarrei proiektuaren kontra daudela sinestarazteko ekintza bezala ulertzen dugu, eta ez benetan proiektua gelditzeko asmoz egindakoa, hasiera hasieratik Azpeitiko Udala izan baita Statkraftekin batera proiektua gure lurretan aurrera eramateko interesatu handiena. Horren adibide da udala enpresaren asmoen jakitun izanik ere isilik mantentzea eta Sañu Bizirik izatea lehena proiektuaren berri ematen; edota Statkraftekin eskutik helduta egin zuen proiektuaren aurkezpena Soreasun, proiektu suntsitzaileari bidea irekitzeko asmoz herritarrengan honen aldeko iritzi bat sortu nahian.

Udalak, egin duen adierazpenean, ez du proiektuaren aurkakotasunik agertu. Batetik, adierazten da ingurumen inpaktuaren adierazpenaz erabakitzerako orduan Eusko Jaurlaritzak izango duela azken hitza, erantzukizuna haien eskuetara igarota. Bestetik, hirigintza planari dagokionez, Azpeitiko kasuan parke eolikoaren erabilera herriko plan orokorrarekin bateragarria dela esaten du, eta nahiz eta onartzen den gaur gaurkoz "lurralde antolaketa" arauek ez dutela baimentzen horrelako proiekturik Zestoako eta Errezilgo lurretan, aterik ez die itxi aldaketei Errezilgo kasuan, behintzat. Gainera, proiektua eraikitzeko hiru udalen arteko plan berezia egin beharko balitz ez dute adierazi zein izango zen udalen jokamoldea eta hau berritzeko ateak irekita uzten ditu, honek izan ditzakeen ondorio guztiekin.

Orain arte, hiru alkateek egindako adierazpenekin argi ikusten da ez dutela hiru udalerrietako mendiak babesteko konpromisorik hartu. Are gehiago, esaten dute Euskal Herrian, EH Bilduk aurrera eraman nahi duen trantsizio ekosozialerako ezinbestekoak diren energia berriztagarrien proiektuak defendatzen dituztela eta horren alde lerratuko direla.

Horregatik, argi adierazi nahi dugu Sañu Bizirikek lanean jarraituko duela gure mendien defentsan, eta instituzio eta enpresek egin nahi dituzten makro proiektu suntsitzaile hauen aurka antolatzen ditugun ekimenetan parte hartzeko dei egiten diegu herritarrei, hau gelditzeko ezinbestekoa izango baita orain arte bezala kalean eta mendian lanean jarraitzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide