Herriz herriko jarduna uzteko hartutako ...

\N 2012ko ots. 9a, 17:17

Herriz herriko jarduna uzteko hartutako erabakia medio Imanol Lazkano bertsolariari egin diot elkarrizketa, Uztarriaren martxoko alean argitaratzeko. A zer gozamena hari aditzen egotea. Bi orduz luzatu den solasaldia plazer hutsa izan da! Aurrerapen bezala, tori, Imanolen perla eder bat: \ \ "Nik ez dut izan liburuak eta irakurtzeko afiziorik batere, zoritxarrez. Gure denboran egin genituen ikasketak-eta dena erderaz egin genituen, eta gero euskarazko liburuak irakurtzeko-eta ere ohitura gehiegi ere ez, eta, gainera, ohitura bakarrik ez, 13 ordu lana eginez ibili izan gara gu bizi guzti-guztian eta noiz leitu behar zenuen? Jai arratsaldeko orduak izaten genituen libre, larunbatetan ere egiten genuen gaueko 22:00ak arte eta lana. Orduan, leitzeko ohiturarik ez dut izan, baina niretzako libururik inportanteena da eguneroko bizitza bera. Egunero orri berria irekitzen du horrek. Orri bete-betea. Egunero dago, beti. Zabiltzan tokian ibili behar duzu begiak eta belarriak erne. Irratiz edo prentsan edo... halako konbertsaziotan eta zera... Egunen batean, tokatuko zaizu laurogeitaka urteko aitona edo amonaren batzuekin hitz egitea, eta \'ostia! aditu al duk zer esan duen horrek?\', eta taka. Hurrena, berriz, lau urteko ume batek egiten dizun galdera batek emango dizu atentzioa. Zabiltzan tokian, zabiltzan lekuan antena martxan etengabe. Orduan, eguneroko liburu hori irakurtzen jakitea eta hori konturatu gabe tak-tak-tak biltzen joate hori, hori da. Eta, nik esango nuke, batzuei eguneroko liburu hori patinatu egiten zaiela. Hasten zara gero hizketan eta esateko moduan: \'baina, jode, hau non bizi da, ordea, hau? Gaur zurekin hizketan egoteak ere jantziko nau ni zerbaitetan, eta hurrena beste batekin eta zabiltzan lekuan... Eta horrek erakusten dizu, pixkat arreta jartzen baduzu, aurrera begira ikuspegiak: entzun gazteei, entzun zaharragoei... gero zeuk pasatu galbaea eta zeuk egin aukeraketa bat. Azken batetan da, pertsona bezala osagarri bat. Azken batean, liburuetan zer dago? Liburuetan ere dago bakoitzak bere bizimoduan jaso duenetik idatzitakoa. Liburuak hori dira, azken batean. Eta egunero orri berria irekitzen dizu horrek, eta hori irakurtzen jakitea garrantzitsua da oso". \ \ Perla gehiago, esan bezala, martxoko Uztarrian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide