Suediarrak Burdinbidearen museoan

Uztarria.eus 2012ko urr. 3a, 12:57

Trenbide-munduari lotutako 13 suediarrek bisitatu zuten atzo, asteartea, Burdinbidearen Euskal Museoa. Estokolmoko taldeak Azpeitiko Museoko bilduma iraunkorra ikusi ahal izan zuen. Ondoren, kultura-instalazioko gela desberdinak ere ikusi zituzten, Maitane Ostolazak, zentroko Zuzendariaren gidaritzapean. Jarraian, Urolako lurrinezko trenean ibilbide berezia egin zuten, Lasaoko geltokiraino.

Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak adierazi du garrantzitsua dela "horrelako talde batek gure instalazioak ikusteko duen interesa". Maitane Ostolazaren ustez, "Fundazioan jarraitu nahi dugun norabideak Europako beste lekuetan trenbidearekin zerikusia duten sektoreekin hartu-emanak eduki eta esperientziak partekatzera ere bultzatzen gaitu. Atsegin handiz eman diegu ongi etorria, eta asko poztu gara, gugan eta Museoaren funtsengan jarri duten interesagatik". "Gaurko bisitaldiak utzitako loturak etorkizun emankor eta aberasgarria sortzea espero dugu", adierazi du.

Lankidetza hitzarmena

Burdinbidearen Euskal Museoak, Euskal Trenbide Sareak eta Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoak lankidetza hitzarmena sinatu dute, burdinbidearen euskal sare historikoen ikerketa ildoak abian hartzea ekarrtzeko asmoz. Lankidetza akordio hori, Santiago Sanchez Beitia irakasleak koordinatzen dituen Eraikitako Ondarearen Zaharberritzea eta Kudeaketa Osoa masterrean eta Arkitektura, Hirigintza eta Ondarea doktorego programaren baitan garatuko da.

"Hitzarmenaren helburua Kultura eta Natura Turismoa kontzeptuak sustatzea da, bi titulazioetako ikasle eta doktoregaiek egindako ikerketa lanetan oinarrituta", esan dute. Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioaren zuzendari Maitane Ostolazak azpimarratu du, "beharrezkoa" dela horrelako hitzarmenak lortzea: "Euskadiren burdinbide ondarea gehiago ezagutzen eta balioztatzen laguntzen dute. Fundazioaren jarduera ildo berri bat da eta ziur gaude emaitza onak ekarriko dituela eta gizarteari burdinbideak hasierako faseetan izan zuen eta etorkizunean izango duen garrantziari buruzko ezagutza handiagoa eskainiko diola".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide