Eta, beste behin ere, San Valentin

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2014ko ots. 14a, 10:20

Prest daude eskaparateetan opariak. Badirudi norbaitek badakiela nor, nola eta zenbat maite dugun. Arraroa, ezta? "Nire bizitzak ez du zentzurik zu ez bazaude", "Zu zara maite dudan pertsona bakarra"… Bihotz formako pasteltxoetan norbaitek nataz idatzi ditu esaldiok. \ \ Eta maitasunari hitzak jartzea aski ez balitz, prezioa ere jarri diote… Nonbait, opari garesti eta ederrena egiten duenak maite du gehien. Maitasun mugagabea adierazteko, gure patrikak ere ezin du mugarik izan. \ \ Otsailak 14, San Valentin, maiteminduen eguna. "Maiteminduta dauden bikoteak" kalera ateratzen dira egun berezia ospatzera, erostera, elkarri dioten "mugagabeko maitasuna" adieraztera. Baina, San Valentin eguna sistema kapitalistak kontsumoa areagotzeko sortutako tresna bat besterik ez da. Salmentek gora egiteko erabiltzen du merkatuak estrategia hau, zoriontasun finantziaroaren bila. Diru-goseak itsutzen ditu, eta ez maitasunak, erakutsi diguten gisan. Etengabean dirua atera nahi dute bazter guztietatik. \ \ Maitasun eredu jakin bat saltzen digute, maitatzeko modu eta eredu bakar bat balego bezala. Nola maite behar dugun ere neurtu egiten zaigu. Jeloskor ez bagaude, ez omen dugu maite; eta maite bagara, uneoro elkarrekin pentsatzen egon behar omen dugu. Pertsona bakarra maite eta elkar kontrolatzean datza maitasunak. Eta, noski, norbait ez badugu ondoan, ez omen gara zoriontsuak izango. Bakarrik zaude? Gaixoa zu. Menpekotasuna bultzatzen dute, geu bakarrik ondo egoteko gai ez bagina bezala, eta bizitzaz gozatu ezingo bagenu bezala. Eskema eta eredu hauekin hautsi beharra dugu, askatasuna mugatzen digute, baita maitatzeko orduan ere. Pertsonak, ingurua, oroitzapenak, gauzak maitatzea beharrezkoa dugu bizitzeko, baina erabaki dezagun geuk nor eta nola maitatu behar dugun. \ \ Badirudi horren mugagabea den maitasunari norbait mugak jarri nahian dabilela. Eta horretarako, San Valentin egunean pasteltxo itxurako sagar pozoinduz betetzen dituzte eskaparateak. Baina gu ez gaude prest Edurnezuri bezala, pertsona berezi horren muxuaren zain egoteko; edo ez dugu kristalezko zapata garestienak hauts artetik atera gaitzan amesten. Irauli ditzagun patriarkatuak eta kapitalismoak saldutako eskemak, aska gaitezen eta erabaki dezagun zer egin gure nahi, desio, eta beharrekin!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide