Entzun, azaldu, eman, jaso, hitz egin, trukatu. Horixe egin zuen atzo Azpeitiko Kultur Mahaiak Durangoko Plateruenan. Berbertan jardunaldiak egiten ari dira han, herrigintzari eta kulturgintzari buruz ikasteko asmoz, eta hiru esperientzien berri jaso zituzten atzo zuzen-zuzenean: EH Zuzenean, Hala Bedi irratia eta Azpeitiko Kultur Mahaia. Guztiek ikasi zuten elkarrengandik.
Auzolana dute oinarri Euskal Herria Zuzenean jaialdiko kideek. Patxa herri mugimendutik sortu zen jaialdia, eta "barnealdea" deitzen diotena biziberritzea dute helburu,musika jaialdi huts batez harago. Eremu ideologiko ezkertiar eta abertzalea dute joko-zelai.
Hala Bedi irrati librea Gasteizen dago kokatuta. 30urte iaz egin zituzten, eta besteak beste, "ahotsik gabekoei ahotsa ematea" dute helburu. Beraien ezaugarri nagusia kudeaketa modua da: autogestioa.
Kepa Urbietak, berriz, Azpeitiko Kultur Mahairen gora beherak azaldu zituen. Historia, helburuak, funtzionamendua eta abar.
Bi esperientziekin bat egin zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak finantzaketa arazoak izaten dituztela esaterako orduan. Bazkideekin, laguntzaileekin eta abar, haiek gainditzen dituzte guztiek. Horregatik, transmisioa dute kezka nagusi hirurek. Gazteak nola erakarri eta proiektuan lanean jarri, jarraipena izan dadin.
Denek ikasi zuten zerbait. Eta ez Plateruenan bakarrik, Guk geure kulturaz kultur jardunaldietan ere egon zen atzo Azpeitiko Kultur Mahaia, eta baita Sanagustin Kulturgunea ere. Aberastuta bueltatu ziren herrira, lanerako gogoz.