Martxoaren 16ean, astelehenean, Euskal Bideaz ariko dira Maite Ubiria eta Lohitzune Txarola, 19:00etatik aurrera Sanagustin kulturgunean, Nekane Zinkunegiren gidaritzapean.\
\
Borondatea dagoen tokian, bidea badago. Munduan eta Euskal Herrian egoera politiko erabakigarria bizi dugu. Herriak altxatzen ari dira beren buruaren jabe izateko, besteak beste Irlanda, Eskozia, Katalunia edo Grezian ikusten ari garen moduan. Herrien bidea herritarren urratsetan, erabakietan, dago. Eta ez beste inorenean. Baita Euskal Herrian ere. Eta guk gure bidea egin beharko dugu. Euskal Bidea.\
\
Zer da Euskal Bidea? Burujabe izanik, independentziara eramango gaituen ibilbidea. Euskal herritarrok eta euskal gizarteko eragileok gauzatu beharrekoa. Eremuz eremu erabakiak hartuz helburu dugun Estatuaren zutoinak definituko dituen bidea. Etorkizuna guk, euskal herritarrok, erabakitzea da Euskal Bidea.\
\
Ozen esaten dugu badagoela bidea; erresistentzia, borroka, irmotasun eta adorez belaunaldi ezberdinetako euskal ibiltariak egiten aritu diren bidea. Iparrorratza badugu, Euskal Bidea, eta badakigu zein den helmuga, askatasun izarra, INDEPEDENTZIA.\
\
Euskal Bidearen garapenak erakundeak (politikoak, sozialak, hezkuntzakoak, hizkuntzakoak, sindikalak,...) eta HERRITARRAK uztartu behar ditu eta aldarria ERABAKIA izan behar du eta erabakiz erabaki Euskal Bidean aurrera egitea. Bide honi ALDEBAKARREKO logikaz helduko diogu, inori itxaron gabe erabakiak hartuz. Horretarako herritarren bultzada eta konplizitatea bilatu eta landu beharko da, dinamika sozialak aktibatuz, era guztietako IBILBIDEAK zabalduz.\
\
Herritarrak protagonista. Herritarrak BIDAILAGUNAK, Euskal Bidea zeharkatzen eta era berean eraikitzen ari direnak. Eskaintza politikoak Euskal Bidera erakartzen dituen ibiltari kopuruaren arabera gertuago edo urrutiago izango dugu helmuga. Eguneroko jarduera izan behar du aldarria eta norbanakoen KONPROMISOAren logikan egingo dugu aurrera.\
\
Beraz, elkartu gaitezen eta jarraitu dezagun hitz egiten, konpartitzen, amesten eta ametsak egi bilakatzeko pausuak zeintzuk izango diren definitzen.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide