Mundu hobeago bat amestu zutenen memoria berreskuratuz

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2015ko api. 1a, 13:03

Aranzadik publikatu berri ditu 1936-1945 epealdian Azpeitian frankismoak errepresaliatutakoen zerrendak. Guztira, 300 herritarren izenak bildu dira. Aitortza lan hau lehenago egin beharreko zen ziurrenik. 78 urte igaro dira, baina inoiz ez da berandu. \ \ Edozein herritarrok ikusi ditzakegun izen zerrenda horietan, urte guzti hauetako isiltasunaren memoria nabarmentzen da. Azpeitian gehien nabarmendu zen memoria isiltasunarena izan zen; toki batekoa edo bestekoa izan, ideologia bat izan edo bestea izan edota guda hasi zenean leku batean edo bestean egon, guztiak izan ziren galtzaile. Eta, isiltasuna zabaldu zen orduan gertatutakoaz, denak isilik geratu ziren, inoiz ez bazen gertatu bezala. \ \ 1936ko gerrak isiltasun asko sortu zuen, baina isiltasuna ez da ahanztura. Isiltzea ez da ahaztearen sinonimoa, isilik dagoenak ez du ahaztu, baina berarentzat gordetzea erabakitzen du. 1936ko gerraren bi bandoetako protagonista izan zirenek jakinaren gainean isildu zuten euren memoriako zati bat, seme-alabei transmititu gabe utziz. \ \ Baina gure gizarteak ezin du beste aldera begiratu. Etorkizuna oinarri sendoekin eraikitzeko gure aitona-amonen memoria historikoa berreskuratu eta ezagutarazi behar dugula uste dut. Ezin ditugu inola ere ahaztu garai horietan gertatutakoak eta beraien sufrimenduaren aitorpenaz gain, une zailetan gure herriaren alde hartutako konpromisoa aitortu behar diegu. Konpromiso horiek hartzeagatik, orain ere gure herriarekin konpromisoak hartzen dituen herritarrak ditugu. Izan zirelako gara, garelako izango dira. \ \ Itzul diezaiegun, beraz, jaso genuenaren zati txiki bat. Iraganeko okerrak ez errepikatzeko, historia ezagutzea beharrezkoa da. Gertatutakoaren ezagutzak pisu garrantzitsua izan behar du belaunaldi gazteen hezkuntzan. Gure gizarteak memoria guztia ezagutu behar du, gerra eta mendekua, krudelkeria eta mina ekarri zuen diktadura luze baten tragedia berriro ez errepikatzeko. Aranzadik berak egin duen gertuagoko (1960-2014 bitarteko) eskubide urraketak ere ezagutu berri ditugu. Hor ere ezin dugu isiltasunik onartu. Tristea bada ere gure historia da. Izan genuen isiltasunarekin puskatu behar dugu eta Azpeitian hemendik aurrera ez dugu inor ahaztu behar.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide