Nik ez dut birziklatu nahi

Erabiltzailearen aurpegia Maite Garmendia 2016ko urr. 10a, 11:23

Badira herritar batzuk birziklatu nahi ez dutenak. Zergatik birziklatu behar dute ordaintzen dutenarekin? Ordaintzen dutena ordaindu eta gainera etxe barruan lan hori hartu? Zenbat zakar pote jarri behar dituzten kexatzen dira, etxeak zabortegi bihurtzen ari garela eta ez dakit zenbat aitzakia gehiago. Ai, ze ondo bizi ginen hondakin guztiak zorro berean sartu, eta plasta!, etxepeko karrera ondoan utzi eta begi bistatik desagertzen zirenean! \ \ Baina hori ez zen txukundadea, eta etxepean utzi beharrean edukiontzietara eraman behar zirela esan ziguten gero. Dena edukiontzi berera, plasta! Hor hasi ziren gero ekologistak zaborra ez zela zaborra esaten, hondakina zela eta berrerabili egin behar zela lehengaiak ahitzen ari zirelako. \ \ Batzuk txipa aldatzen hasi ziren, hondakinak gaika sailkatzen, auzo-konposta egiten, hitzaldietara joaten... erantzukizuna kontsumitzailearena ere bazela eta ohiturak aldatzen. Baina oraindik ere, asko eta askok, hainbeste urte eta gero, batere lotsarik gabe, dena zorro berean sartu eta plasta! Beraientzat dena da errefusa. \ \ Ondoren, bilketa modu desberdinekin batera, hondakinen \'xextra\' etorri zen. Zorroak balkoietan, zintzilikarioak kaleetan, bosgarren edukiontzia, kontrolatutako edukiontziak... Baina gurean, oraindik, askok eta askok, dena zorro berean sartzen dute, eta kitto! Hor bukatzen da beren eginbeharra (leihotik behera edo ibaira botatzen ez badute, gustora!). \ \ Nik ez dut birziklatu nahi. Ez, ez, ondo irakurri duzue. Ez dut birziklatu nahi edota ahalik eta gutxien birziklatu nahi dut. Kontzientziko karga da niretzat behin bakarrik erabilitako botila edo potea edukiontzi berdera botatzea. Arduratzen nau hainbeste poto eta plastiko, behin bakarrik erabilita, bota behar izatea. Nik azkena garbigailua aldatu nuenean teknikoari esan nion ea aurrekoak bezala hogeita bi urte iraungo zidan, eta erantzun zidan erdia irauten badu gustura egon beharko nukeela (zenbat eta teknologiak gehiago aurreratu, etxetresnak azkarrago matxuratu?). \ \ Hala ere, badut itxaropenik .Badirudi mugimenduak badirela mundu ero honen kontrakarrean doazenak: bertakoa kontsumitzearen aldekoak, bertan ekoitzi ezin bada bidezko merkataritzaren bidez ekartzen dizkigutenak, bigarren eskuko azokak, Azpeitian eta beste leku askotan Elkar-ekin taldekoek bezala granelean saltzen dituzten jaboiak, Errigora ekimena eta beste hainbat. \ \ Azpeitiarrok "zero zabor" muga oraindik urruti daukagu, baina horretan sinesten dugunok ez dugu makroproiekturik behar hondakinak erretzeko; batzuek dioten bezala, "munstroa elikatzeko adina janaririk ez dugu sortuko eta".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide