Ostiral honetan, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izanda emakume presoek bizi duten egoerari egingo diogu erreferentzia bereziki. Emakume horiek are eta sakabanatuago eta are eta isolatuago daudela uste baitugu. \
\
Zehazki 52 emakume preso daude gaur egun. Horietatik bakarra dago Euskal Herrian. Beste guztiak Espainiako eta Frantziako lurretan sakabanatuta daude, eta bataz beste Euskal Herritik 699 kilometrotara daude. Baina badira 1198 kilometrotara iristen direnak ere. 52 preso horiek 28 espetxe ezberdinetan sakabanatuak daude eta horietatik 13 emakume bakartuta daude.\
\
Ezin dugu aipatu gabe utzi Arantza Zuluetaren kasua. 2 urte eta 10 hilabete daramatza isolamenduan. Nazioarteko erakunde askok, isolamendu egoera 15 egunetik gora luzatzearen kontra hitz egin dute, eta torturatzat eman dute luzapen hori. Gainera, bere egunerokotasunean gizonez inguratuta dago Arantza, espetxezain gizonek zelatatzen dute, eta haren ziega miatzen dute. Horrez gain, espetxezainen konfiantzako presoak ibiltzen dira inguruetan bera zelatatzen, eta ziegatik ateratzen den aldiro ukimen bidezko mihaketa bat egiten dio espetxezain emakume batek Zuluetari, betiere inguruan gizonak begira dituela.\
\
Bestetik, asteburu honetan ere bi istripu berri izan dira: 9 pertsona zauritu dira Huelva eta Herrera de la Manchako espetxeetatik bueltan izandako istripuen ondorioz. Beraz, Azpeitiko Saretik ezinbestekotzat jotzen dugu dispertsioarekin bukatzea eta giza eskubideak errespetatzea.\
\
Bukatzeko esan, Bilboko manifestazioa urtarrilaren 14an egingo dela eta datozen asteetan herriko eragile eta norbanakoekin bilduko garela. Herrian ere hurrengo hilean urtero gisa hiru data ditugu gogoratzeko: abenduaren 24n elkarretaratzea egingo da plazan, abenduaren 30ean azken ostiraleko elkarretaratzea izango da plazan eta abenduaren 31n igerilekutik hasita manifestazioa egingo da. Ordutegien zehaztapenak jakinaraziko ditugu aurrerago.\
\
Giza eskubideak, gaixo larriak etxera, dispertsioa amaitu.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide