\
\
Hemen Azpeitiko Ernairen oharra, osorik: \
\
Igande honetan, martxoaren 5ean, Lagun Onak Futbol Taldeak Club Portugaleteren aurka jokatuko du. Paul Abasolo erasotzaile sexistak talde honetan jokatzen du gaur egun. 2007an Ertzaintzak atxilotu zuen, bost delitu sexista leporatuz, lau sexu eraso eta bortxaketa bat. Bost hilabete espetxean pasa ostean kalera atera zen 30.000 euroko fidantza ordainduta, eta futbolera bueltatu zen emakumeei erasotzea bizitza pertsonaleko kontua izan balitz bezala. 2010ean Bizkaiko Auzitegiak epaitu zuen eta bost eraso sexista horietatik hirutatik zigortu zuten. Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuen, baina horrek hiru urte eta hiru hileko espetxealdia berretsi zion. Azkenik, ordea, Espainiar Gobernuari eskaera bidali ostean indultatua izan zen. 1995eko zigor kodearekin zigortutako sexu erasotzaile indultatu bakarra da Paul Abasolo. Horretaz gain 2013an Abadiñoko igerileku publikoetan emakume bat dutxan grabatzeagatik salatu zuten.\
\
Azpeitiko Ernaiko kideok uste dugu lotsagarria dela horrelako ibilbide matxista duen jokalari batek gure herriko zelaietan jokatzea. Premiazkoa da indarkeria sexistarekin harremana duten kasuak eta salaketak egunerokotasun normalizatutik desagerraraztea. Erasoen gaitzespena irmoa izan behar dela uste dugu, hortzak erakustea beharrezkoa da errepika ez daitezen. Bestela, patriarkatua sostengatzen jarraituko dugu. Gainera, gizon futbolari izateak ematen dion estatusa ere aipatzekoa da kostu judizialetik harago kostu sozialetik ere ihes egiteko balio baitio eta jarrera horien normalizazioan sakontzen baitu. Asko izango dira emakumeen hitza zalantzan jarriko dutenak dirua edo fama bezalako arrazoi hutsalak erabiliz. Horrez gain, gogoratu behar dugu, zoritxarrez lehen aipatutako gertakariak ez direla horren arrotzak Azpeitian. Garmendipeko emakumezkoen aldageletan ere begiratzeko zuloak aurkitu zituzten iaz eta Lagun Onakek zein Udalak salaketa jarri zuten. Beraz, ez dugu ulertzen Paul Abasolok eta hori babesten duen taldeak, Portugaletek, Azpeitian jokatzeko oztoporik ez izatea.\
\
Gizarte patriarkal batean bizi gara eta honek gure bizitzako arlo guztietan eragiten digu, arazoa estrukturala delako. Baina patriarkatua maila ezberdinetan azaleratzen da gizartean eta eraso sexistak muturrean daude. Aipatzekoa da, ordea, kirola gizonezkoen mundua izan dela urteetan zehar bestelako espazio publikoak bezala eta jarrera matxistak errotuak daudela. Oraindik hutsune nabarmenak daude gure herrian ere nahiz eta emakume askoren borrokari esker espazioak irabazten goazen. Garrantzitsua deritzogu herriko kirol taldeak honen jabe izatea eta aurrera pausoak ematen joatea. Gure eragite esparruetatik egunerokotasunean parekidetasunaren alde lan egitea guztion ardura da gizarte feminista bat herritarron artean eraikiko dugulako adreiluz adreilu. \
\
Gora borroka feminista!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide