1973 urrun hartan ere, euskaldunon barruak zalantzan jarri eta hunkitzeko gai izan zen Fernando Aire 'Xalbador' 'Mendian galdu direneri' bertso sortarekin. Gertaera latz batek eragindako emaitzak dira bertso eder horiek. Izan ere, duela 44 urte, hiru gizon hil ziren Lapurdiko Ezpeletako mendi elurtuan hotzez, gosez eta bakardadez.\
\
Seguru asko hobeto bizitzeko esperantzaz aterako ziren zazpi migratzaile horiek Mali eta Senegaletik, eta Portugalen barrena Euskal Herrira iritsita trafikanteek gure apirileko mendi elurtuetan abandonatu zituzten. Hori du abiapuntu eta ardatz 'Hiru lore beltz' ikuskizunak: injustiziaren aurreko sumindura, poesia eta auzolana, iragana eta oraina uztartzea, kontzientziak ernaraztea.\
\
Azpeitiko hainbat sortzailek eta kultur eta gizarte eragilek, Xalbadorren bertsoen hezurduraren gainean osatu dugu elkartasun ezaren eta elkartasun nahiaren inguruko ikuskizun hau. Orain dela 44 urteko elurrak ezin du dena zuritu, eta gaur egungo migrazioaren bidegabekeriaren aurrean geure zainak agintzen digu isilik ez egotea, Europako agintarien jokabide maltzurra salatzea, geure buruari galdetzea zer mundutan bizi garen, eta zein den guk geuk horretan daukagun edo izan dezakegun ardura maila, zer egin daitekeen.\
\
'Hiru lore beltz' ikuskizuna hitzez, hotsez eta irudiz dago osatua. Egungo Azpeitiko sormenaren eta sentiberatasunaren erakusgarri eta lagin izan nahiko luke, herritarrei eskaintzen zaien bertsoz, abestiz, dantzaz, poesiaz, irudiz, bideoz, antzerkiz eraikitako sorkari ezohikoa eta berebizikoa da. \
\
Kezka baten iturrira eta muinera eraman nahi zaitu 'Hiru lore beltz' emanaldiak. Izan ere, ez du 44 urteko elurteak, ez gaur egungo itsasoak, ezta distantziak ezin ditu zuritu eta ez estali hainbeste bazterkeria, hainbeste hildako eta hainbeste isiltasun konplize.\
\
Ederraren bidez nahi genituzke jendearen gogo-bihotzak erasan ordu betez. Uztailaren 28an taularatuko dugu emanaldia hainbat herritarrek, 22:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide