Gasteiz, Ana Belen, 44 urte. Amurrio, emakume bat erasotua. Sestao, Noelia Noemi, 32 urte. Uztaritze, Melodie Masseren, 23 urte. Gasteiz, hiru emakume bortxatuta. Orereta, beste emakume bat bortxatuta. Arrigorriaga, Durango, Iruñea, Zarautz, Azkoitia, Azpeitia, Nerea, Maialen, Maria Angeles, Lourdes, Eider, Maite...\
\
Egun arrunt bat Euskal Herrian. Telebista piztu eta albiste beltz bera. Beste emakume bat eraila, beste emakume bat bortxatua, erasotua... Noiz arte? Bihotzak, ordea, aspaldi utzi zion buelta emateari horrelako egoeren aurrean; bai, ohitu egin gara indarkeriara. Kafea eta tostada eskuan dugula albistea irakurri eta lanera goaz, eta agian norbaitek bidean gaur ze guapa jantzi garen gogoraraziko digu, guk bere iritzia galdetu gabe, noski. Lankide batek Whatsappean jaso duen txiste matxista erakutsiko digu irribarrez, eta barre egingo diogu, bestela ez omen dugu umorerik. Eta parrandara aterako gara, espazioa bereganatzen duen gizon kuadrilla maestriaz eskibatu, esku batzuk gainetik kendu eta tabernako iskinean egingo dugu dantza, eta berriro ze guapa gauden gogoraraziko digute. Etxera joateko ordua iritsiko da eta mugikorra eskuan estutuko dugu pausoak atzean entzutean eta beldurra sentituko dugu Noelia Noemi erail duen Enekorengan pentsatzean, taupadak azkartzen sentituko ditugu. Beste egun arrunt bat Euskal Herrian. Noiz arte?\
\
Nahikoa da, ez dugu bat gehiago onartuko. Indarkeria matxista egunerokotasuneko ogia den honetan, berriro ere azpimarratu beharrekoa dela uste dugu icebergaren punta dela agerikoena, baina urteetan jendartean errotutako oinarriak dituela atzean. Beharrezkoa dela estrukturala den arazo honi heltzea eta eraldaketa gizarte moduan ematea gizarte justu baten alde, denon askatasunaren alde, Azpeitia parekide baten alde.\
\
Gora borroka feminista!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide