Mende bat erraz esaten da, baina ez da erraz pasatzen. 100 urte igaro dira errusiar zapalduek saiakera historiko eta heroiko hura egin zutenetik, baina gizakiak oraindik ez ditu metalezko eskuburdinak hautsi. Historiak berak erakusten digu historia nolakoa den, eta historia gogorra da, latza. Hori guztia gure begiekin ikusi eta gure gorputzekin bizi izan dugu, eta hori guztia gure ideia eta gure eskuekin borrokatzen saiatu izan gara 1917an Errusian, 1953an Kuban, 1960-70ko hamarkadetan Italian, 2014ean Gamonalen, eta zer esanik ez Euskal Herrian. Orain arte Historiak ez du aurrera egin atzerakadarik gabe; garapena eta erregresioa ez dira elkar baztertu. Baina kontuz, historia guk egiten dugu; historia gizakiek egiten dute etengabe. Historia bilakaera da, mugimendua, eta hori da daukagun errealitate bakarra. Gizakiak ezin du historiatik kanpo jardun, gizakia baita historia egiten duena. \
\
Nola egin aurre etsaiari bere dominazio formak gero eta konplexuagoak bihurtu diren garai honetan? Zer irakaspen atera menderatuak izan diren baina gizarte burgesa kolokan jartzera iritsi izan ziren borroka historikoetatik? Nola antolatu mugimendu oso bat bere interesetan soilik oinarrituko den horizonte teoriko baten barnean? Zer nolako oztopo zehatzak aurkitu izan ditu langile mugimenduak historian zehar? Eta zer praktika garatu izan ditu langile mugimenduak oztopo horien aurrean? \
\
Galdera horiek eta askoz gehiagok erasotzen gaituzte egunero. Ezinbestekoa bihurtu da gauzak ondo egitea, akatsak oso garesti ordaintzen baitira etsaiaren erreinuan. Horregatik joan nahi dugu arazoaren oinarrira. Erradikala izatea ez da aukera bat, beharrizan bat baizik. Botere burgesaren aurkako mugimenduak ezin ditu botere horren zimenduak betikotu. Beste modu batera esanda, arazoa ezin da kapitalaren barne problematika gisa ulertu. Ezinbestekoa da kapitala bere osotasunean arazo bezala identifikatu eta borrokatuko duen langile mugimendu eraginkor bat artikulatzea. Mugimendu horrek, bidean, Historiaren herentzia baliotsu guztia bere egin beharko du: kulturaren aberastasunez jantzi, desjabetuon arteko elkartasunaz lotu, gizon eta emakumeen diskriminazioa ezabatu, printzipio etikoak eraiki, geure boterea eraiki, etab. \
\
Hori guztia buruan dugula elkartu gara eskualdeko zenbait eragile jardunaldi hauek antolatzeko. Antagonismoan oinarritutako esperientzia historikoetatik ikasteko asko daukagulako prestatu ditugu hitzaldi hauek, geuk ere langile mugimendu historikoaren liburuan zenbait lerro idatzi nahi ditugulako. Pertsonen arteko harremanak ezingo ditugu bere aberastasun infinituan garatu ez badugu esplotazio marko kapitalista gainditzen. Jabetzaren eta soldatapeko lanaren distantzia hori deuseztatu nahi dugu, ezabatu nahi dugu, eta horren gainean erabilera eta beharrizan sozialen arabera antolatuko den gizartea eraikitzea dagokigu. Gizakiaren askatasuna horren baitan dago. Lehen esan dugu historia bilakaera besterik ez dela, bada, gizakia bilakaera horretan txertatzen da mugimendu horren noranzkoa bideratzeko. \
\
Ea esperientzia historiko horien iragan memoriatik gure jardunaren noranzko zein norabidea indartzeko elementuak ateratzen ditugun.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide