Erietxean, bortizki torturatua izan ondoren hilzorian zela, \"oso latza izan da\" esan zien kideei Joxe Arregik, 1981ko otsailaren 13an. \"Aztunlag\" (laguntza alderantziz) hitzarekin sinatu zuen Patxi Arratibel nafarrak tortura bidez sinarazi nahi zioten deklarazioa, 2011n.\
\
Hamarkadaz hamarkada arrazoi politikoengatik atxilotutako milaka euskaldunek jasan dute tortura. Kolpeak, poltsa buruan, sexu erasoak, bañera, elektrodoak... eguneroko ogi izan dila kalabozo ilunetan.\
\
Iaz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Idazkaritzak Kriminologiaren Euskal Institutuari eta EHUri eskatutako txostenaren aurkezpenari esker, aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren torturaren aitortzan. Torturaren erabilpena sistematikoa izan dela ondorioztatzeko baliagarria izan da txostena, EAEn bakarrik 4.113 kasu egiaztatu zirelako. 73 azpeitiarrek salatu dituzte torturak. Hori horrela izanik ere, gaur egun, onarpena, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermerik ez dago.\
\
Nafarroan gertatzen ari denak agerian uzten du baieztapen hori. Urtarrilaren 3an, Nafarroako Auzitegi Gorenak torturaren erabilpena ikertzeko aldaketaren gobernuak emandako dirulaguntza baliogabetu zuen. Dirulaguntza horien helburua zen Espainiako Poliziak eta eskuin muturreko taldeek herrialde horretan egindako indarkeria ekintzak ikertzea. \
\
Erabaki horrekin, Nafarroaren subirotasuna mugatzeaz gain, erakundeek tortura eta estatuko aparatuen indarkeria ikertzeko eskubidea ukatzen dute. Beste behin ere, inpunitatea oinarri duen espainiar erresumaren arkitektura judiziala dugu aurrean; kasu honetan, tortura erabiltzearen inpunitatea du. Eneko Compainsen tortura salaketa artxibatu zenean esan genuen bezala, estatuaren estrategiak bera izaten jarraitzen du: tortura onartu, bultzatu eta saritu.\
\
Nafarroako Gobernuari herrialdean izandako tortura kasuak ikertzeko baliabideak martxan ipintzeko exijitu behar diogu ezinbestean, aitortza instituzionalaren bidean urratsak egin ditzan. Pauso horiek garrantzi berezia dute, gatazka politikoaren aitortza eta horren ondoriozko errelatoak borroka elementu direlako. Espainiako estatuak beti ukatu ditu. Torturaren existentzia eta erabilpen sistematikoak gatazkaren existentzia eta aktore ezberdinen inplikazioa erakusten du, gatazkan alde guztiek parte hartu dutela irudikatuz.\
\
Errelatoaren borrokan, eragile politiko askoren lehentasuna da iraganeko logikan jarraitzea. Ezker abertzaleari etengabe eskatzen diote bere iraganari uko egin diezaiola edo urrats\
gehiago eman ditzala. Garaile eta garaituen eskema elikatzen dute eta gatazkaren ondorioen inguruko erabaki oro blokeatzeko saiakerak justifikatzen dituzte.\
\
Gatazka politikoaren biktima guztien aitortza integrala jasoko duen kontakizuna indartu behar da. Torturaren errealitatea aitortu behar dela aldarrikatu behar da, irtenbideak bilatu eta justizia trantsizionalerantz pausoak emateko. Torturapean egindako deklarazioen ondorioz kide ugarik urte luzeak bete dituzte espetxean edo espetxeratuak jarraitzen dute, torturaren aitortzak eztabaida hau zabaltzea ekarri behar du.\
\
Gaur egun, oldartze autoritario eta neofrankistaren testuinguru politikoan, beste hainbat tresnaren artean, tortura gure herriaren aurka erabilitako bitartekoa izan dela azpimarratu behar dugu. Bortizkeriaren erabilera, gatazka politiko baten ukazioaren ispilua izan da.\
\
78ko erregimen politikoa sostengatzen duten bi oinarrien barruan, batetik, herri honi bere eskubideak gauzatzeko borondatea ekiditea eta bestetik, bortizkeria bidezko konfrontazioa inposatzea.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide