Azpeitiko EAJren udal taldeko kideok urteko udalbatzarrik garrantzitsuena izan genuen atzokoan. Izan ere, 2020. urtean azpeitiarron ongizatea hobetzen jarraitzeko ezinbestekoak diren gastu, inbertsio, kudeaketa eta abarrak zeuden ezbaian.
\
\
Hori jakinda, eta ikusita udalak aurkeztutako aurrekontuak koherenteak izan direla, ez dagoela guztiz aurka azaltzeko moduko proiekturik, eta, batez ere, EAJko udal taldekideek egindako proposamen batzuk ere bertan jasotzen direla, arduraz jokatu eta aurrekontuak babestea erabaki dugu aho batez.
\
\
Taldeak batzordeetan egindako proposamenetako batzuk jasotzen dituen aurrekontuak dira, eta bereziki pozten gaituenak ere badaude tartean; lursail industriala erosteko gehitu den diru partida berria, esaterako. Bazen garaia aldez aurretik eskatzen ari ginen behar horretaz jabetu eta udalak lursail industrialak erosteko asmoa aurrekontuetan adierazteko, herria industriarako berriz erakargarri izatea nahi badugu, behintzat.
\
\
Era berean, asko pozten gaitu ekonomiaren sustapen plana mantentzeak, alokairurako dirulaguntzak emanez, esaterako. Eta zer esanik ez Landetako eremuari begira planteatzen diren hobekuntzek, eremu horiek lotuko dituen bidegorria, besteak beste, amankomunean izan dugun proiektua baita. Asteburuetan Landetako eremua oinezkoentzat bilakatzeko proposamena gehitu diogu horri, eta hori horrela izan dadin lanean jardungo dugu.
\
\
Guztiz ados gaude, gainera, Gizarte Zerbitzuetan izandako igoerarekin. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eskaerak igo egin dira, eta orokorrean, gizartearen beharrei erantzuteko beharrezko baliabideak handitu behar direla uste dugu.
\
\
Dena den, ez da guztia positiboa aurrekontuetan. Badira beste era batzuetara jorratzea gustatuko litzaizkigukeen lan esparruak ere. Gainera, gure ekarpen guztiak ez dira jaso, eta garrantzitsua deritzogu horien berri herriari ematea.
\
\
Alde batetik, Gaztelekuetako kudeaketa beste era batera egin beharko litzatekeela uste dugu. Hori dela eta, Gaztelekuaren izaera egokia mantentzearren, asteburuetako irekiera ordutegia berrantolatzea proposatu dugu, benetako zerbitzua eman dezan asteburu osoan, bai Azpeitian, baita Urrestillan ere.
\
\
Ildo beretik doa liburutegien ordutegien proposamena. Udalak proposatu duen herriguneko irakasguneak ez gaitu konbentzitzen, duen kokapenagatik, batez ere; deserosoa eta zaratatsua den toki batean dagoela iruditzen zaigu. Horren harira, Urrestillan liburutegi zerbitzua eskaintzeko beharra ikusten dugu, eta hori ere ez da jaso aurrekontuetan. Denborak eta erabilpenak esango du udalaren proposamena egokia den edo ez.
\
\
Amaitzeko, 2020. urtean eta hurrengo urteetako aurrekontuei begira, esan nahi dugu herritarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko proposamenak egiten jarraituko dugula, eta batez ere, oposizioan gauden honetan, lanean jarraituko dugula tinko, batzorde bakoitzeko kudeaketaren kontrol zorrotza egiten.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide