Urola Ikastolako ikasleek ebaluazio sistema aldatzeko eskatu diote zuzendaritzari

\N 2020ko mai. 1a, 11:31

Gaur egun bizitzen ari garen salbuespen egoera dela eta, ikasleak beren kalterako diren hainbat ondorio jasaten ari dira. Hori dela eta, Azpeitiko ikasleok beharrezkoa ikusten dugu gure egoera hobetzeko borroka batzuk martxan jartzea. Azpeitiko Ikasle Autodefentsa Sareko kideok herriko ikastetxeetako ikasleen testigantzak eta iritziak jaso ditugu inkesten bitartez. Inkesta horietan ateratako ondorioak oinarri hartuta, ebaluazio sistema aldatzeko hainbat eskaera egin dizkiogu Urola Ikastolako zuzendaritzari. \ \ Lehenik eta behin, hirugarren ebaluazioko azterketak egin behar ditugula adierazi zitzaigun, jakinda hainbat ikasgaitako edukia lantzeko zailtasunak izan ditugula. Egoera honen aurrean, ebaluazio-irizpideak aldatzea ezinbestekoa dela deritzogu. Izan ere, ez da bidezkoa ikasleontzat eskola presentzialak jaso eta gero egin ohi ditugun azterketa berdinak egitea Internet bidez jasotako edukiarekin. Ikasgaiak lantzeko metodologia desberdina erabiltzearen ondorioz, gure lana baloratzeko irizpideak ere desberdinak izan beharko luketela aldarrikatzen dugu. Horregatik, ikasturteko hirugarren ebaluazioa lanen bidez kalifikatzeko eta notarik ez jaisteko eskatzen dugu, ikasleon ustez hori baita lanak kalifikatzeko modurik egokiena. Orain arte erabilitako ebaluazio sistema –Internet bidez egindako kontrolen bitartez egindakoa– aldatzea beharrezkoa dela deritzogu, askotan gure kalterako izan baita: denbora falta, presioa, baliabide teknologikoekin arazoak... \ \ Horrez gain, gure kezka nagusietako batzuk dira errekuperaketen datak eta ebaluazio-irizpideak. Ikasleei errekuperaketak egiteko aukerarik ez kentzea exijitzen dugu. Era berean, errekuperazio garaiko azterketen egunak zein izango diren lehenbailehen zehaztea eskatzen dugu, eta ikasleria jakinaren gainean jartzea, ezjakintasunean baikaude denbora luzez. Kasurik txarrenean, eskola presentzialetara itzuli ezean, gainditu gabeko irakasgaiak lanen bidez errekuperatzea beharrezkotzat jotzen dugu. \ \ Azkenik, salbuespen egoera honek ikasleei ahalik eta gutxien eragiteko gure lana elkarren arteko saretzean oinarritu behar dela deritzogu. Egoera honetatik, hainbat emaitza positibo lortu ditzakegula uste dugu, eta horregatik borrokatzea zilegi dela diogu. \ \ Honako hauek dira Urola Ikastolako zuzendaritzan egindako eskera zehatzak:\ \ 1. Ebaluazio irizpideak aldatzea: hirugarren ebaluazioa lanen bidez kalifikatzea eta inoiz ez izatea nota jaisteko. \ \ 2. Ikasleon baldintzetara egokitzea, teknologiarekin izan ditzakegun arazoak kontuan izanik. \ \ 3. Orain arte erabilitako online bidezko kontrolen sistema aldatzea edo kentzea: askotan kaltegarria suertatu zaigu denbora falta eta presioa medio.\ \ 4. Errekuperaketak egiteko aukerarik ez kentzea: klase presentzialetara itzuli ezean, lanen bidez errekuperatzea. \ \ 5. Datak zeintzuk izango diren zehaztea lehenbailehen: azterketak ez badira bertan behera gelditzen, behintzat, horien datak denborarekin jakinaraztea eskatzen dugu. \ \ 6. Komunikazioa: erabakiak hartzerakoan ikasleon iritzia aintzat hartzea eskatzen dugu. \ \ Ebaluatzeko sistema berri baten alde, ikasleok antolatu!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide