1.400 maskara banatuta, ekimena amaitutzat eman dute antolatzaileek

Erabiltzailearen aurpegia \N 2020ko mai. 6a, 08:23

Zaintza eta garbiketa lanetan dabiltzan pertsona migratzaileak maskarak eskatzen hasi zitzaizkigun duela hilabete inguru; ahal genuen moduan lortu genituen lehen maskarak, pertsona horien esku uzteko. Beharra handia zen hasiera hartan. Aldiz, zaila zen maskarak lortzea, eta horien prezioa gora eta gora zihoan egunez egun; beste behin, gure osasunaren kontura negozioa egiten ari ziren zenbait enpresari.\ \ Horregatik, herritarrek Elkargunera ekarritako arropak baliatuz, maskarak herrian bertan egitea eta banatzea pentsatu genuen. Hainbat osasun profesionalekin kontrastatu ondoren, ekimenari ekin genion.\ \ Talde txikia ginen hasieran, eta argi genuen askoren inplikazioa beharrezkoa izango zela ideiak aurrera egingo bazuen. Horregatik, herriko jostunekin hitz egiten hasi ginen, gure proposamenaren berri emateko eta beraien iritzia jasotzeko. Asko izan ziren lehen unetik ekimenera batu ziren jostunak, eta asko izan dira egunez egun gehitzen joan direnak.\ \ Jostunez gain, arropa garbitzen, mozten, prestatzen eta banatzen hainbat herritar aritu gara aste hauetan. Guztira, 80 pertsona inguruko elkartasun sarea osatu dugu. Herritar horien guztien inplikazioa azpimarratzekoa eta eskertzekoa izan da. 1.700 maskara egin ditugu hiru asteotan, eta horietako 1.400 herritarren artean banatu ditugu jadanik. Elkar-ekin arduratuko da gelditzen direnak banatzeaz, eta lehentasuna emango zaie herriko sektore zaurgarrienei.\ \ Aipatzekoa da emakumeak izan direla ekimen honen sostengu nagusia, horietako asko migratzaileak. Egunero-egunero bizitzarako hain beharrezkoak diren zaintza lanak egiten dituzten horiek izan dira, oraingoan ere, herritarrentzat maskarak egiten ibili direnak. Zaintza lanei behar duten errekonozimendua eta duintasuna eman behar zaiela argi gelditu da, beraz, beste behin.\ \ Momentuz, atzoko banaketarekin eman diogu amaiera herritar talde batek eta Elkar-ekinek elkarlanean egindako ekimenari. Aurrera begira, Azpeitiko Udalak edo erakunde publikoek arduratu beharko lukete herritarrak osasun maskarez hornitzeaz, momentuko behar bati erantzutea izan baita gure xedea. \ \ Auzolan honen bidez herritarren osasunari gure ekarpentxoa egin diogula pentsatzen dugu; hori izan da gure asmoa hasieratik. Horrez gain, aste hauek harreman berriak sortzeko eta jendea elkar ezagutzeko baliagarriak izan dira: komunitatea egiteko, alegia. \ \ Garai gogorrak bizi ditugu, eta datozen hilabeteetan herritar askoren pobrezia eta bazterketa egoera areagotuko dela begi-bistakoa da, honezkero. Gutxi batzuen neurrira diharduen sistema ekonomikoak miseria asko sortu du lehendik, eta gehiago sortzeko bideak irekitzen ari dela dirudi. Errotiko aldaketak behar ditu gure gizarteak: injustizia egoerak atzean utzi eta libre biziko garen herri bat behar dugu.\ \ Horretarako, herritarren arteko elkartasuna garrantzitsua izango da: bai jarrera pertsonal gisa, bai praktika kolektibo moduan. Datorkigunari elkartasun sare horiek indartuz eta komunitatea antolatuz aurre egitea dagokigu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide