A30 greba feminista orokorra

Amaia Agirretxe eta Enara Eizagirre: "Zaintza gai erabat transbertsala da eta denok zipriztintzen gaitu"

Aitziber Arzallus - Urtzi Oteiza 2023ko aza. 2a, 12:53

Zaintzarako eskubide kolektiboa aldarri hartuta, azaroaren 30erako greba feminista orokorrera dei egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Agirretxek eta Eizagirrek azaldu dituzte zergatiak.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba feminista orokorrera deitu ditu herritarrak azaroaren 30erako. Zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatu nahi dute protesta egun horrekin, eta greba eguna bera zein ordura artekoak prestatzen buru-belarri lanean ari dira herriz herri eta eskualdez eskualde osatu dituzten batzordeetako kideak; baita Amaia Agirretxe (Azpeitia, 1991) eta Enara Eizagirre (Azpeitia, 1992) ere. Azaroaren 30erako greba deitzearen arrazoiez, grebarekin bat egitearen garrantziaz eta greba eguna bitarteko lanketaz hitz egin dute, besteak beste.

Zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatzeko eguna izango da azaroaren 30a, baina zer da zaintzarako eskubide kolektiboa?

Enara Eizagirre: Zaintzarako eskubide kolektiboarekin esan nahi duguna da, batetik, zaintzak izaera publikoa eduki behar duela, alegia, eskubide publiko bat den neurrian, sistema publikoak bermatu beharko lukeelako; eta bestetik, zaintzak izaera komunitarioa eduki behar duela, hau da, norbanakoaren eskubidea izateaz gain, besteok ere, gizarte gisa, geure partea jarri egin behar dugula. Bi ezaugarri horiek izan behar lituzke zaintzarako eskubide kolektiboak.
Amaia Agirrretxe: Askotan, zaintzarako eskubidea lotzen dugu gaixotasun egoeran edo zaurgarritasun egoeran dauden herritarrekin, baina zaintzaren esparrua hori baino askoz ere zabalagoa da. Zainduak izaten gara jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte, denok daukagu eskubidea zainduak izateko,­ eta, aldi berean, denoi dagokigu zaintza lanen ardura hartzea ere.

Zeintzuk dira azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin gizarteratu nahi dituzuen aldarrikapen zehatzak?

A.A.: Urriaren 7an egin genuen Herri Akordioa deiturikoa aurkezteko prentsaurrekoa. Herri Akordio horretan jasotzen dira grebarako deialdian egiten diren aldarrikapen nagusiak, eta esan daiteke aldarrikapen horiek bi multzotan sailkatuta daudela. Batetik, epe laburrera begirako aldarrikapenak daude; eta bestetik, epe luzeagora begirakoak. Epe laburrerako aldarrikapenen artean honakoak daude: zaintza zerbitzuen publifikazioa, atzerritartasun legea indargabetzea, pentsio publiko duinak bermatzea, etxebizitza eskubidea bermatzea eta abar. Epe luzeagora begirako aldarrikapenen artean, berriz, planteamendu estrategiko bat behar dutenak daude; azken finean, zaintza sistema komunitario hori eratzeko aldaketa instituzional oso bat garatzea.

Azaroaren 30ean herritarrek zergatik egin beharko lukete greba?

E. E.: Zaintza badelako denok zipriztintzen gaituen zerbait eta denon bizitzetan dagoen zerbait, bazter guztietan,jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte. Ongizate eta osasun esparruekin zuzenki lotuta dago zaintza, dena blaitzen du, eta azken urteotan bizi izan ditugun egoera askok azaleratu eta bistaratu dituzte arlo horietan dauden beharrak eta gabeziak; beraz, azaroaren 30a egun ezin hobea izango da horri guztiari heltzeko, bakoitzak geure alea jarrita.

Orain arte mugimendu feministak deitu izan dituen grebak emakumeei zuzendutakoak izan dira, baina, oraingoan, greba orokorrera dei egin du; alegia, herritar oro dago deituta azaroaren 30ean greba egitera. Zergatik aldaketa hori? 

A. A.: 2018ko Martxoaren 8an eta 2019ko Martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba feminista egitera deitu zuen, eta bi horiek oraingo grebaren aurrekari indartsuak dira. Bi urte horietan lehendabiziko greba feministak egin ziren Euskal Herrian, zaintza erdigunean jarri zen, eta ordura arte grebaren bueltan zegoen iruditeria aldatzen hasi zen. Orain, zaintzaren bueltako aldarrikapenak gizarteratzeko greba bat egitera goazenean, ikusten genuena zen zaintza ez dela emakumeoi dagokigun zerbait, denok merezi baitugu zainduak izatea eta denoi baitagokigu zaintza lanetan inplikatzea ere. Zaintza erabat gai transbertsala da; beraz, inondik inora ere ezin du izan emakumeongana bakarrik zuzendutako zerbait. Hala ere, egia da greba feminista orokorra izateak aldatzen dituela zenbait gauza. Hasteko, grebarako deialdia Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin du; ez dute sindikatuek egin, eta gero, sindikatuek babestu egin dute. Horretaz gain, greba feminista orokor honen antolaketan protagonismoa eta lidertza eman nahi zaie beste askotan edukitzen ez duten horiei, eta inplikatu nahi dira eragile eta agente desberdinak: langileak, langabeak, pentsiodunak, ikasleak, lan kontraturik gabeko langileak eta abar.

Jakina da azaroaren 30ean greba egin nahiko luketen askok ez dutela egiterik izango, hain zuzen ere, zaintzari lotutako betebeharrak dituztelako eta ezingo dituztelako alboratu egunerokoan egiten dituzten zaintza lanak.

E. E.: Greba orokorrek ardatz desberdinak izan dituzte: lana, kontsumoa eta abar. Eta alde horretatik, oraingoa, zaintza greba, agian bada zailena kokatzeko. Badakigu zaintzarena sektore oso prekarizatua dela, eta zaintza sektorean jarduten diren herritar askok ezingo dute greba egin eta ezingo direla grebara batu, zaintza lanak ezin direlako alboratu eta gelditu. Horren jakitun izanda, grebara batzeko beste modu batzuk aztertzen ari gara, edo gutxienez, greba egiteko modua duten herritarrek ezin duten horiekiko elkartasun adierazteko, esate baterako, elkartasun piketeen bidez, zaintza lanak inolaz ere alboratu ezin diren gune horietara gerturatuta, horiek bistaratuta eta abar. Baina bai, oso jakitun gara berez greba honen ardatz diren herritarretako askok ezingo dutela grebarik egin.
A. A.: Hala da. Zaintzarako eskubidea eta betebeharra aldarrikatzera goaz, eta hain justu, zaintza da arlo bat inoiz gelditu ezin dena; egun bat ere ezin dugu iraun zaintza lanik gabe, mundua erori egingo bailitzateke. Eta horrez gain, ezin ditugu ahaztu, Enarak ondo esan duen bezala, zaintza lanetan aritzen direnen baldintzak: lana galtzeko arriskua, lan kontraturik gabe lanean aritzea eta beste hainbat egoera oso zaurgarri.

Denbora asko daramazue azaroaren 30eko greba feminista orokorra antolatzen herriz herriz zein eskualdez eskualde, baina, zehazki, zer lanketa egiten ari zarete eta hemendik greba egunera artean zer asmo dituzue?

A. A.: Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8an egin zuen grebarako deialdia, eta harrezkero, pixkanaka sortzen joan gara herriz herriko eta eskualdez eskualdeko greba batzordeak. Azpeitian, esaterako, oraingoz bi batzar egin ditugu, emakumez osatutakoak biak, garrantzitsua iruditzen zitzaigulako hasieran sortzea espazioak emakumez eta genero disidentez osatutakoak, eta gero, bigarren urrats bezala, batzorde mistoak sortzea. Azpeitian, aurreneko batzorde mistoa gaur egingo dugu, 19:00etan, eta hemendik parte hartzeko gonbidapena egin nahi genieke interesa duten herritar guztiei. Eta herritik haratago, eskualde mailako koordinazio batzorde bat ere badago, herrietako batzordeen arteko elkarlana bultzatzeko eta horien guztien lana koordinatzeko. Saiatzen ari gara bi plano horiek ahalik eta egokien uztartzen; alegia, herri bakoitzean bertako gauzak landu ahal izatea eta, alde berean, eskualde mailan ere hainbat ekimen bateratuak aurrera eramatea. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide