"Bidezko energia jasangarritasuna" sustatzeko hitzarmena sinatu dute Iraurgi Berritzenek eta aldundiak

Ane Olaizola 2024ko eka. 6a, 16:03

Garapen agentzietako presidenteak eta Asensio—erdian—, gaurko ekitaldian. Ezkerretik laugarrena, Iraurgi Berritzenen presidente Azkoitia. (G.F.A.)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak eta hamar garapen agentziak sinatu dute akordioa, tartean, Iraurgi Berritzenek. Garapen agentziak 55.000 euro jasoko ditu Urola Erdiko Energia eta Klima Mahaiaren proiektuak aurrera eramateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak eta lurraldeko hamar garapen agentziak, tartean Iraurgi Berritzenek, hitzarmena sinatu dute gaur, energia trantsizioa sustatzeko. Hain zuzen, aldundiak guztira 550.000 euro bideratuko ditu eskualdeko energia planak sustatzeko, energia pobreziari aurre egiteko eta eredu energetiko jasangarria sustatzeko, erakundeak azaldu duenez. Gaur sinatu dute hitzarmena Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta garapen agentzietako presidenteek, eta ekitaldian izan da Ana Azkoitia Iraurgi Berritzeneko presidentea eta Azkoitiko alkatea.

Iraurgi Berritzenek 55.000 euro jasoko ditu Urola Erdiko Energia eta Klima Mahaiaren —Iraurgi Berritzenek, Urkomek eta udalek osatzen dute— proiektuak aurrera eramateko. Zehazki, bailararako hiru lan ildo nagusi dituztela azaldu du Azkoitiak bere hitzartzean: "Alde batetik, Urola eskualdeko enpresen eraginkortasun energetikoa aztertzea eta hobetzea dugu helburu. Horretarako, enpresa bakoitzaren egungo egoera energetikoa aztertuko da, besteak beste, energia iturriak eta kontsumoak identifikatuz eta hobekuntza ekintzak proposatuz”. Proiektua industriara, merkataritzara, ostalaritzara eta lehen sektorera dago zuzenduta, eta dibulgazio jardunaldiak egingo dituztela aurreratu du. Ildo horretan, jarduera desberdineko hamar bat enpresatan energiaren erabilera optimizatu eta ingurumen inpaktua murriztu nahi dute.

Urola Erdiko Mugikortasun Jasangarriko Planaren diagnostikoa ere egin nahi dute. “Garraio-azpiegitura ebaluatuko da, alegia, errepideak, oinezkoentzat bideak, bizikletentzat erraiak edota autobus geltokiak". Ebaluazioa egin ostean, "garraio sistemaren eraginkortasuna eta segurtasuna" hobetuko dituen plana garatzeko asmoa du Iraurgi Berritzenek.

Hirugarren proiektua sentsibilizazioari dagokiona da, eta informazio kanpainak egingo dituzte praktika jasangarrien garrantziaz eta horiek duten eragin positiboaz kontzientzia sustatzeko.

Asensiok, bere aldetik, hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du, Gipuzkoan "bidezko energia trantsizio eta jasangarrirantz" aurrera egitea "inoiz baino funtsezkoagoa" dela esanez. Energia berriztagarrien erabilerak eta "energia eraginkortasuna sustatuko duten tokiko energia planak" energia pobreziari aurre egiten lagunduko dielakoan da diputatua, eta mendekotasun energetikoa eta karbono dioxidoen emisioak murriztuko dituztela azaldu du, "Gipuzkoa Klima 2050 Estrategiaren ildotik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide