Gauzak berdin egiten jarraitzea ez da aukera bat izenburupean eskainiko duzue solasaldia. Zergatik ez da aukera bat modu berean jarraitzea AEK bezalako erakunde batentzat?
Lurdes Etxezarreta: AEK-k laster beteko ditu 50 urte. Hasieratik etengabeko eraldaketan aritu izan gara, garaian garaiko testuinguruari egokituz, edozein arlotan, eta horretarako, sekulako gaitasuna erakutsi dugu. Gaitasuna izan dugu baldintza politikoak eta barne gaitasunak aprobetxatzeko, eta misioari aurrera egiteko.
Aldaketek erresistentziak sortzen dituzte, eta aldaketa horiek handiak direnean eraldaketa prozesu bezala irudikatu behar dira. Izan ere, bidean akatsak agertuko dira, eta hobekuntzak ere egin beharko dira; pazientzia beharrezkoa izango da xehetasun guztiak doitu bitartean. Alegia, gauzak modu berean egiten jarraitzea ez da aukera bat. Albert Einsteinen hitzak erabilita: "Gauzak ez dira sekula aldatzen beti berdin jokatuz gero".
Xabi Gartzia: Garaian garaiari egokitzen jakin behar izan dugu, eta beti ez du balio gauzak modu berean egiteak. Duela urte batzuk gure funtzionamenduan arrakalak sumatu genituen, eta horiei buelta emateko prozesua abiatu genuen. Bikoizketak genituen, komunikazioan hutsunea genuen, koordinazioa ez zen guztiz bermatzen... Ezin genuen horrela jarraitu, eta horregatik diogu gauzak berdin egiten jarraitzea ez dela aukera bat. Are gehiago, aldaketa baten beharra genuen, eta aldaketak beti aukeratzat hartu behar direla uste dugu. Aukera leiho bat dugu aurrean, gauzak beste era batera egiteko.
Antolaketa eredua aldatu zenuten 2000. urtean. Zer egin zenuten zehazki?
L.E.: 2001. urtea, mugarria izan zen AEKrentzat; izan ere, urte hartan eratu zen AEK kooperatiba bezala, egoera ekonomikoak eta presio judizialak behartuta. 1998tik AEKren aurkako erasoak ugaltzen ari ziren, zenbait kasutan komunikabideen bidez bere jardueraren inguruko susmoak zabalduz eta beste batzuetan funtsik gabeko ekimen judizialak aurrera eramanez. Egoera hark ekarri zuen, besteak beste, aldaketak egitea, eta kooperatiba bezala eratzea.
X.G.: Kooperatiba bilakatu ginen, alde juridikotik berme batzuen bila ari ginelako.
Zerk bultzatu zintuzten aldaketa prozesua martxan jartzera?
X.G.: Egitura juridiko egonkorrago bat behar genuen, garai hartako testuinguru legal-politiko-juridikora egokituko zena, eta gure izaerarekin bat egiten zuena. Hainbat formula aztertu genituen, eta kooperatibarena izan zen gure izaera eta egitura estiloarekin bat egiten zuen eredu hurbilena. Egia esan betebehar batzuk ekarri zizkigun horrek, baina gure eguneroko funtzionamendurako ez zuen sekulako aldaketa suposatu. Gerora, gauza bat eta beste, moldaketak eta eguneraketak egiten jarraitu dugu.
L.E.: Garai hartan onartu genuen gure lehen plan estrategikoa. Aldaketa juridikoaz gain, funtzionamenduan ere aldaketak egin behar izan genituelako. Aholkularitza baten laguntzarekin egoeraren diagnostikoa egin, helburu estrategikoak zehaztu eta egitura berria martxan jarri genuen.
Urteak pasatu badira ere, aldaketak egiten jarraitu duzue. Zergatik?
L.E.: Egituraren azterketa azken plangintzaldi honetako ildo estrategikoetako bat izan da; izan ere, ikusi eta jaso genuen egun indarrean genuen egiturak arrakalak zituela, hots, ez zela nahi besteko funtzionala. Prozesu horren funtsa, beraz, erronka berriei erantzutea zen, eraginkorragoak izan gintezkeelako, Euskal Herrian gehiago eragin genezakeelako eta aukera berriak aprobetxatu behar genituelako. Hortaz, AEK: gure etxea parte hartze prozesua abian jarri genuen 2023ko otsailean, eta 2024ko martxora arte luzatu zen. Gure etxea berreraikitzea, zaharberritzea edo apaintzea erabakitzeko bidea egin dugu, urtebete luzez.
X.G.: Gure misioa betetzeko ahalik eta egitura eraginkorrena behar dugu. AEKren xedea Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea da, eta horretarako ezagutzan, erabileran eta sustapenean aritzen gara. Egungo egiturak horri erantzutea du helburu, kanpora begira jartzeko beharra hausnartu genuen, eta horregatik sumatu genuen aldaketaren beharra.
AEK zertan aldatu da zuek proiektura batu zinetenetik hona?
L.E.: Ni 2000. urtean sartu nintzen AEKn, kooperatiba eratzeko prozesuak bete-betean harrapatu ninduen, eta esan dezaket, AEKren garai zailenak ez ditudala bizi izan. Lanpostu desberdinetan aritu naiz Nazio Kontseilura iritsi aurretik, eta batez ere, azken urteetan lan baldintzak asko hobetu direla esango nuke.
X.G.: Ni sartu nintzenean oraindik AEK ez zen kooperatiba. Beraz, arlo juridikoan aldaketa eman da. Bestalde, egituran eta funtzionamenduan aldaketa ugari bizi izan ditut. Euskaltegi batean hasi nintzen lanean, gerora, beste euskaltegi multzo batzuekin batera Ikasgu bilakatu zena. Euskaltegi hark bezala, gainerakoek ere prozesu hori bizi izan zuten, eta beraz, unitatea aldatu egin da urte hauetan, jada ez dira euskaltegi isolatuak, bakardadean aritzen direnak. Orain euskaltegi multzoa dira, eta indar eta babes handiagoa dute.
Aldaketa prozesuetan beldurraren faktorea agertu ohi da. Zer beldur izan zenituzten egitura aldatzerakoan?
L.E.: AEK-ko kide guztion parte hartzea ezinbestekoa izan da, gutako bakoitzaren eguneroko lana eta eguneroko beharrak oinarri hartuta, hobeto ezagutu baitugu nolako etxea beharko dugun aurrerantzean. Horretarako ezinbesteko gakoak izan dira honako hauek: konfiantza (elkarri entzuteko giro babestuak izatea), parte hartzea (AEK-ko kide guztiok une eta modu desberdinetan proposamena aberasteko aukera izatea) eta komunikazioa (gardentasuna prozesu osoan zehar). Horrela, erresistentzia asko baretzeko aukera izan dugu.
X.G.: Beldurrik ez dugu izan; halako prozesuak oso aberasgarriak dira, elkarri entzuteko ariketa izan da. Norberak beretik hitz egin du, bakoitzaren beharretatik, bakoitzaren roletik, eta hortik heldu diogu etxea berreraikitzeari. Guztiok izan behar dugu lekua etxe berean, eta guztion beharrak ase behar ditugu.
Euskal Herri osoan eragiten eta jarduten du AEK-k. Nola antolatzen da horrelako erakunde desentralizatu bat?
L.E.: Ez nuke esango erakunde desentralizatua garenik, estrategia eta misioa bera baititugu guztiok. Gako nagusia euskaltegien eta zerbitzuen autonomia eta erantzukizuna dira, eta horiek ematen duten hurbiltasuna eta inguruaren ezagutza. Bilborako baliagarria denak ez du zertan eraginkorra izan Tafallan. Ondorioz, tokian tokiko errealitatera egokitzeak erakundea aberastu egiten du. Irizpide argiak ditugu, baina, era berean, malgutasuna dugu zerbitzu eta behar bakoitzera egokitzeko.
X.G.: Gure organo gorena Batzarra da. Urtean bi batzar egiten ditugu, martxoan eta ekainean. Horietan hartzen dira erabaki estrategiko nagusienak. Horien garapena eta gauzapena koordinazio gune ezberdinei dagokie. Hor dago gakoa, koordinazio gune bakoitzaren funtzioen zehaztapenean eta horien autonomian. Gure oinarria Ikasguak dira; horiek dira jendartetik hurbilen dauden koordinazio guneak, eta horien bidez eskaintzen dizkiogu jendarteari gure zerbitzuak. Baina horiek elikagaia behar dute, izan hausnarketak, izan eraketa kontuak. Horietarako sailak eta zerbitzuak ditugu: sailak AEK-ko kideon lana errazteko daude, eta IKT Saila, Komunikazio Saila, Ekonomia Saila, Pertsonen Saila, Didaktika Saila eta IGB-Kalitate Saila ditugu. Bestalde, zerbitzuak ditugu, gure ‘produktuak’ izan daitezkeenak, Euskal Herriaren euskalduntzearen mesedetara bideratuta ditugunak: Irakaskuntza, AHIZE (aholkularitza zerbitzua), Praktikatu (praktika egitasmoak), Euskaratu (itzulpen eta zuzenketa zerbitzua) eta Korrika.
Nola koordinatzen da horrelako erakunde bat?
L.E.: Maila desberdinetako koordinazioa daukagu, eta hori izan da egin berri dugun prozesuko gakoetako bat. AEK-ko kide bakoitzak koordinazio gune bat du, bertan jaso eta ematen du erakundeari dagokion informazioa guztia. Era berean, erabakiguneak ere zehaztuta ditugu, eta guztion arteko loturak egokiak izan daitezen, informazioa da tresna.
X.G.: Koordinazioa eta komunikazioa oso garrantzitsuak dira; izan ere, norabide guztietan eman behar da komunikazio gardena. Informazio fluxuak etengabeak eta iraunkorrak izan behar dira, koordinazio gune bakoitzaren autonomiaren barruan erabakiak hartzeko ezinbesteko elementua baita informazioa.
Zer alde on eta txar ditu desentralizazioak?
L.E.: Garrantzitsua da erakunde osoaren ikuspegia izatea, hau da, norberaren erabakiek erakunde osoan zer eragin izan dezaketen ikustea. Kontzientzia ekonomikoa zabaltzea da, adibidez, funtzionamendu berriaren helburuetako bat. Tokian tokiko erabakiek zer-nolako eragina izan dezaketen erakunde osoan landu nahi dugu. Dena den, zaila da eskolak ematen ari den irakaslea halako eraginaz kontziente izatea, eta oraindik ez dugu lortu guztiengana iristea, nahi genukeen moduan iristea behinik behin.
X.G.: Norberaren autonomia garatzeko aukera handiak ematen ditu AEKren antolaketa ereduak. Jakina, joko zelaia zein den oso ongi zehaztu behar da. Eta horrekin lotuta, autonomiarekin batera, oso garrantzitsuak dira erantzukizuna eta ardura. Arduraz jokatu behar du koordinazio gune bakoitzak, hartzen dituen erabakiak gainerakoetan ere eragina izaten duelako eta domino efektua gerta daitekeelako. Ez da alde onak edota txarrak izatea, gure patua da hau, eta horri ahalik eta hobekien erantzuteko egitura eta funtzionamendua fintzen aritzen gara uneoro. Desbideraketak beti emanen dira, eta ikasi egin behar da horiekin bizitzen.
Denboraren perspektibarekin, lehen baino hobeto zaudetela esan daiteke?
L.E.: Etengabeko hobekuntzan ari gara, baina, uste dut, hori edozein erakundek izan behar duen ikuspegia dela. 2000. urtetik hona lan baldintzak asko hobetu dira AEKn, eta erakunde moduan ere egoera hobean gaudela esango nuke.
X.G.: Baietz uste dut. Garai bakoitzean izan dugun egiturak garai horren beharrei erantzun die, baina ikasketa prozesu luzea da hau, eta behar berriei egokitzen jakin dugu. Horregatik diot hobeto gaudela, beti hobetzen ari garela esan daitekeelako.