Iritzia

Sañoa Eguna igandean

Sañu Bizirik eta Txillarramendi auzo elkartea 2025ko api. 24a, 12:26

Aterkiez baliatuta, miru beltza irudikatu zuten iaz herritarrek Sañoako Egunean. (Sañu Bizirik)

Aurtengo Sañoa Egunerako deia eginez idatzi dute iritzi artikulu hau Sañu Bizirik taldeak eta Txillarramendi auzo elkarteak.

Datorren igandean, hilak 27, Sañoa Eguna ospatuko da hirugarrenez, Sañoa inguruko zelaietan; beste behin ere, eskualdeko hainbat puntutatik oinez abiatuta, goian elkartuko gara mendiak nahiz landa eremua salgai ez daudela ozen aldarrikatzeko eta Arroita-Sañoa-Etumeta mendigaina, Akoa bailara, Odria, Txillaramendi eta Lasao auzoak babestu eta defendatuko ditugula esateko. Gogoan izango ditugu gure eskualdean bertan makroproiektu eolikoen mehatxupean dauden Izazpi eta Oleta mendiak, Beizama eta Bidania arteko gainak zein Errezilgo Indo-Komizolatzako lepoa ere, dela kokaleku horietan jada tramitean dauden proiektuak daudelako, dela onartzear den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak  jopuntuan dauzkalako; eremu horietako herrietan eta auzoetan bizi den jendea, baserriak eta lehen sektoreko jarduerak eta herritar ororena den ondare naturala eta kulturala bezalaxe. Horregatik daude igandeko hitzorduaren deitzaileen eta laguntzaileen artean herri plataformak, auzo elkarteak, mendizale eta eskalada taldeak edota naturaren kontserbazioaren aldekoak, besteak beste.

Badira dagoeneko ia hiru urte Piaspe zentral eolikoaren aurka egiteko antolatzen hasi ginela. Askotan pentsatu izan denaren kontrara, proiektua ez da inoiz geldirik egon. Isiltasun moduko batek eta tramiteen eta prozeduren geldoak hala zela iradoki zezaketenetan ere, Statkraft, eurek bidalitako lurren desjabetze enpresa baten ahotik, auzotarrak "informatzen" ibili da; hedabideetan beren burua zuritzen, edo udalekin harremanetan eta, azkenaldian, presionatzen ere bai, udal arauetan proiektuak beharrezkoak dituen aldaketak egin ditzaten. Epeak agortzen ari dira, ordea,  eta bide administratiboa bere lehen mugarrira iritsiko da aurki. Uda aurretik espero da –nahiz eta, berez, edozein unetan etor daitekeen– Eusko Jaurlaritzak proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena ematea. Kontrakoa balitz, proiektua bertan behera geldituko litzateke, ia ziur. Aldekoa balitz, ordea, indarra hartuko luke, eta orduan hasiko litzateke Statkraft España benetan auzotarrak eta lurjabeak "informatzen" eta udalei presio egiten. Orduan ikusiko da bakoitza non dagoen eta zer jarrera hartzen duen, orain arteko posizio anbiguo eta zalantzagarriekin gertatu ez bezala. Izan ere, artean ez da guztia erabakita egongo, eta hein handi batean Azpeitia, Errezil eta Zestoako udalen gain egongo da Piaspe zentral eolikoaren bideragarritasuna. Hori horrela izanda ere, erakundeetatik harago, argi daukagu tokian tokiko jendearen ekimena dela txikizioaren aurkako eta lurraldearen defentsarako borrokaren muina.

Guztion artean egungo krisiak maila guztietan eskatzen dituen eraldaketa sakonak asmatzen, ikasten, eztabaidatzen eta lantzen aritu beharrean, elite ekonomikoen eta korporazioen mesederako aurrez erabakitako "energia trantsizio" ereduak inposatzen dituzten makroproiektu elektriko industrialen aurka ari gara. Makroproiektu energetiko horiek ez datoz energia fosilen "erruz" planeta iritsi den egoera tamalgarria konpontzera; datu zentroak, autopista elektrikoak, abiadura handiko trenak, turismo masiboa, bizitzaren aspektu guztien digitalizazioa eta urtez urte hazten ari den energia kontsumo arduragabea hornitzera baizik. Betiko eredu estraktibista eta fosilistaren luzapena besterik ez dira, horixe bera elikatzen baitute. Orain, jomugan, mendiak eta landa lurrak daude, orain arte baino are nabarmenago.

Lurraldea ezin da defendatu hura arpilatzea oinarri duen sistema hankaz gora jarrita ez bada. Ederki islatzen du energia berriztagarrien auziak hori guztia, eta beste galdera batzuk egitea eskatzen du, ezinbestean: energia berriztagarriak nola, zertarako eta zeinentzako? Noren, zeren bizkar? Era berean, lurraldearen defentsa ezin da hasi lurraldea bera ezagutzetik eta maitatzetik izan ezean. Horretaraxe gonbidatzen zaituztegu, besteak beste, igande goizean, Sañoako Egunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide