Belaunaldiz belaunaldi Urola Kostako herrietako makina bat familiaren sostengu izan dira itsasoa eta lurra. Etxe asko mantendu dituzte arrantzak, nekazaritzak eta abeltzaintzak, baina ez hori bakarrik: bailarako paisaiari eta kulturari errotutako nortasuna ere ehundu dute.
Lehen sektorearen bueltan dihardutenek, ordea, partekatzen dute buruhauste bat: nork hartuko du haien lekukoa erretiroa hartzen dutenean? Beren lanarekiko grinari nahiz lehen sektorearen jarraikortasunari buruzko ziurgabetasuna agerian uzten dute horien testigantzek.
Ioritz Igarataundi (Azpeitia, 1989) eta Aiora Etxeberria (Aizarnazabal, 1991) Azpeitiko Sakona etxalde ekologikoa proiektuko kideak dira. Hamabost urte dira proiektua martxan jarri zutela: "Betidanik izan dut baserriarekin lotura, eta baneukan hortik bizitzeko gogoa. Lorezaintzan egiten nuen lan, eta osabak eramaten zuen baserriko martxa". Hala azaldu du Igarataundik. Baserrian bertan instalatzeko aukera ikusi eta familiakoekin hitz egin zuela azaldu du, bakarrik eta haien babesik gabe aurrera egitea "zaila" delako.
Proba egitea erabaki zuen Igarataundik, eta hiru urtera haren bikotekide Etxeberriak ere bai: "Magisteritza ikasita, zerrendetatik deitu zain nengoen. Ordurako hasita geunden elkarrekin. Ni kalekoa naiz, baina betidanik gustatu izan zait baratzean jardutea. Beti izan ditugu etxean txabola, untxiak, oiloak eta baratze txiki bat", esan du aizarnazabaldarrak.
Proiektuaren hastapenetan jasotako laguntza izan du hizpide Igarataundik, batetik. Izan ere, nekazari gazteei enpresak sortzen laguntzeko Eusko Jaurlaritzak martxan duen Gaztenek programaren laguntza jaso zuela azaldu du, inbertsioak egiteko eta aholkularitza jasotzeko, batik bat. Etxeberriaren ustez, ordea, "laguntza izan bada" Jaurlaritzak nekazari gazteei eskaintzen diena, baina ez da nahikoa. "Nola izango da, bada nahikoa?", adierazi du. Haren hitzetan, "lan handia egin behar da paperekin eta, eta horretarako beharrezkoa da gida lanak egingo dituen norbaiten laguntza".
Iritzi berekoa da Igarataundi ere. Haren ustez ez da nahikoa laguntza hori, baina konponbidea zein den ere ez dakiela aitortu du: "Gizartetik hain dago urruti gure sektorea... Etortzen den laguntza guztia ongi etorria izango da, baina, seguru, hala ere ez dela nahikoa izango". Gainera, sektoreak "inbertsio handiak" egitea eskatzen duela ere azpimarratu du hark, eta horrek dena "asko hipotekatzen" duela iruditzen zaio: "Errentagarritasuna lortzea asko kostatzen da, hori baino lehen inbertsioari aurre egin behar zaiolako". Instituzioek laguntzei dagokienez, formula magikorik ez dagoela uste du, eta zerk funtzionaten duen jakiteko probatu egin behar dela esan du.
Dena den, gakoa baserriko bizimodua "erakargarri egitea" litzatekeelakoan dago azpeitiarra, "beharrezko laguntza guztiak jarri arren, gazteentzat erakargarria ez baldin bada, dena alferrikakoa delako". Igarataundik dioenez, erakargarri izatea ekonomikoki bideragarria izatea eta lan baldintza duinak edukitzea da. Zentzu horretan, "ondo" bizitzeari buruz gizartean dagoen ustea aipatu du Etxeberriak: "Zortzi orduko lanaldia eta soldata duinak nahi ditugu, hori da ondo bizitzea guretzat, baina baserri bat ezin da mantendu horrela; hori fikzioa da".
Ondo bizitzeari lotutako uste hori aldatzeko, Etxeberriaren esanetan, hasteko, "gizartearen lehentasunak" aldatu beharko lirateke. "Lehentasunak izan behar genituzkeenaren beste puntan daude. Ez diogu garrantzirik ematen, esaterako, ondo jateari. Kirola ere egiten dugu, baina ez osasuntsu egoteko, politak egoteko eta hori sareetan erakusteko baizik", erantsi du. Baserria mantentzeko, ordea, nahitaezkoa da osasuntsu egotearen kontzientzia edukitzea Etxeberriaren ustez, nahiz eta, aldi berean, "modan egon".
Nahiz eta herritar gehienek baserriarekin loturaren bat izan, gaur egun harreman hori "etenda" dagoela iruditzen zaio Igarataundiri, eta hain zuzen ere, transmisioan jarri du arreta. Izan ere, baserriaren eta herritarren arteko distantzia handitzen ari den heinean, haurrei baserria zer den erakustea beharrezkoa dela adierazi du. Ari dira horretan saiatzen, gainera; eskoletako haurren bisitak jasotzen dituzte maiz Sakona etxaldean. Aurten, guztira, hamasei bisita jaso dituzte, eta Ekoetxetik bideratutako gehiago ere bai. Bi hilean behin jasoko dituzte aurrerantzean ere Ekoetxeko bisitak, eta edonork parte hartu ahal izango du horietan.
"Eskolan ikasi dugu birziklatu egin behar dela, eta gure gurasoei guk irakatsi diegu hori. Haurrek asko esaten dute etxean, ez dira beti gurasoak eredua", adierazi du Etxeberriak. Orain arte etxaldean jaso dituzten bisitek funtzionatu dutela uste du, gainera: "Eskola batetik Sakona etxaldera bisitan etorritako talde bateko kideek hiru astez jarraitu zuten arratsaldeetan baratzean laguntzen. Zerbait ona geratu zitzaien haiei".
Azokak, dendak eta otarreak
Azpeitiko azokara astearte goizetan eta ostiral arratsaldeetan joaten dira Igarataundi eta Etxeberria, eta Azpeitiko eta Zarauzko hainbat dendatara astean hirutan egiten dituzte produktuen banaketak. Sakonako produktuak baloratzen dituzte herritarrek. Hala uste dute biek ala biek: "Azokan jendea eskertuta ikusten dugu, eta ez daukagu saltzeko inolako arazorik". Dendetan ere esku zabalik hartzen dituzte beren produktuak, dendariak horiek saltzeko prest izaten direla ere aitortu dute, baina arazoa zera da haien ustez: dena salduta ere, jarduera errentagarria izatea kostatu egiten da.
Otarreak ere saltzen dituzte, baina aitortu dute dendetako salgaiek "beste maila bat" behar izaten dutela: "Punta-puntako produktuak izaten dira. Otarrea erosten du kontzientzia duenak eta denetarik jateko prest dagoenak". Letxuga da gehien ekoizten duten produktua, eta hostodunak dira salduenak: eskarola, txikoria nahiz azelga. Azokan, berriz, "oinarrizko barazkiak" saltzen dituzte gehien, Igarataundiren esanetan: patata, letxuga, azelga, porruak, kalabazina, kalabaza eta tomatea.
Etxeberriaren eta Igarataundiren artean egiten zituzten orain gutxira arte Sakonako lanak, baina beste bi langile ere batu dira proiektura. Egiten zuten hori "duintzeko" behar zituzten beste lau esku, Etxeberriaren esanetan: "Bikote izanda, ezin genituen oporraldiak-eta batera egin. Animaliak dauden momentutik, egunero derrigor geratu behar du norbaitek etxaldean, eta lehen gurasoekin antolatzen baginen ere, lotura eta ardura handiak dira".
"Zorte handia" izan da Igarataundiren arabera Etxeberriak eta biek lehen sektorean jardutea, "oso zaila" litzatekeelako soilik bietako bat aritzea zeregin horretan. Etxeberria bat dator esan horrekin: "Irakaskuntzan aritu izan banintz, ez nukeen ulertuko Ioritzen bizimodua. Zera pentsatuko nuke: 'zertan dabil hainbeste denboran?'".
Badu, gainera, gako bat lehen sektoreak: egun bateko txingorrak dena izorra dezake baratzean, Igarataundiren hitzetan. Haren ustez, nekazaritzan dibertsifikatzea da gakoa, eta bide horretan pauso bat emango dute aurki: datorren urtearen hasieran nekazal etxe bat zabalduko dute Iraetan (Zestoa), "zerbaitek huts egiten badu, beste zerbaiten babesa" izateko. Etxeberria arduratuko da etxea kudeatzeaz, eta urteek aurrera egin ahala, beraientzat "gero eta denbora libre gehiago" izatea espero du hark.
Portuak, esperantzari eutsita
Arrantzan baino "fokua" nekazaritzan jarrita egon izan dela uste du Haritz Alberdi Getariako alkateak. Horren adibidetzat ekologismoaren ikuspegia, agroekologia, nahiz baratze publikoak aipatu ditu, besteak beste. Itsasoa, berriz, alboratuagoa egon dela uste du, nahiz eta "funtsezkoa" izan euskal herritarren elikadurarako.
Arrantza, itsas mundua eta moila "Getariari guztiz lotuta" daudela aipatu du alkateak. "Getaria ulertzeko ezinbesteko atalak dira horiek, eta elkarri eskutik helduta daude. Getaria den bezelakoa da arrantzaren munduagatik, eta Getariako familia askok bere bizitza horretan eman dutelako", erantsi du.
Gero eta arrantzontzi gutxiago ikusten dira portuetan, ordea, eta azken urteotako joerarekin kezkatuta badaude ere, Getarian arrantzak aurrera segitu behar duela uste du Alberdik: "Getariako portuak esperantzari eusten dio, eusteko aukerak ematen dituelako: baliabide material onak ditu, itsasontziak oraindik ere badaude, aktibitate ekonomiko indartsua dago... Hala ere, birpentsatu egin beharko da negozio eredua, hala nola belaunaldi berriak nola bideratu jarduera horretara, arautegia nola berritu...". Denbora kontran etorri arren, gogoetarako "garaiz" dabiltzala iruditzen zaio Alberdiri, eta horretarako, eragile eta sektore desberdinen arteko lanketa sakona egin beharra dagoela uste du.
Udala, hain zuzen, mezu hori zabaltzen eta pedagogia egiten ari dela azaldu du, eta adierazi du arrantzaren erreleboarekin loturiko programa bat sustatzen ere ari dela erakundea: Opegi Gipuzkoako itsasertzeko arrantza ekoizleen erakundearen Izan Arrantzale proiektua Getariara ekarriko dute udan bigarrengoz Elkano kofradiak eta Getariako Udalak.
Alberdik dioenez, lehen ere egiten zuten "gauza bat edo beste" arrantzaren belaunaldi kateari lotuta, baina proiektu horren bitartez ziurtatu dute herriko "haur guztiek" arrantzarekin kontaktua izatea. Izan ere, udalekuetako haurrek parte hartu zuten iaz proiektu horretan. "Hori horrela landuta, beren kasa etorriko dira arrantzale berriak, itsasoarekiko begirunea eta ingurumenarekiko errespetua".
Iazko esperientziaren balorazio positiboa egin zuten proiektuaren sustatzaileek, eta Alberdiren hitzetan, "oso polita" izan zen bizitakoa. Aurtengo lanketak ere emaitza oparoak emango dituztela espero dute: "Udalekuetako ehundik gora haurrek parte hartuko dute egitasmoan, eta guztiek izango dute kontaktua arrainarekin edota kanaberarekin". Pixkanaka, gero eta haur gehiago arrantzara gerturatu beharra dagoela nabarmendu du Alberdik.
Dena den, gogorarazi du moila "gauza askok" osatzen dutela: arrandegiek, sare konpontzaileek, arrantzaleak..., baita aisia ere. "Moilaren bueltan aisialdiko arrantza egiten da, haurrak bainatu egiten dira han, kirola egiten dute herritarrek, paseatu ere bai... Moilan gure bizitzetan inpaktu zuzena duen ekosistema bat dago", esan du.
Baldintza onak
Zabalduta dauden usteen kontrara, Itsaso Gonzalezek (Orio, 1990) "lan baldintza onak" tarteko erabaki du sareak konpontzeko lanetan hastea. Getariako portuan aritzen da zeregin horretan martxoaren amaieraz geroztik.
Amona saregilea zuen, ama ere bai, eta haien eskutik ikasi du ogibide berria. "Amak beti esaten zidan animatzeko, baina beste lan bat neukan, eta... Ama izan eta gero animatu naiz saregile lanetan hastera, eta gustatu egin zait", azaldu du.
Autonomoak dira sare konpontzaileak, eta Gonzalezek dio horri esker beste lan batzuetan izan ez duen malgutasuna daukala esan du. "Haurren zaintzari denbora emateko malgutasuna daukat, adibidez, eta egunen batean lanera joan ezin baldin badut ere ez da ezer gertatzen, nahiz eta ahalik eta gehienetan joaten saiatzen naizen", azaldu du begirada saretik kendu gabe. Malgutasun horrek badu, ordea, desabantailarik Gonzalezen hitzetan, ezin izaten baititu egunak planifikatu.
Lanaren trukean jasotzen duen soldatarekin ere "gustura" dago. "Orduak sartuz gero, soldata ona jasotzen da. Itsasontzi batek kontratatu gaitu ama eta biok, eta horri esker, soldata finko bat daukat. Ordu gehiago sartzen baldin baditut, gehigarria kobratzen dut ordainetan", azaldu du. Egiten duen horren beste alderdi bat ere gustatzen zaio: lan mota. Izan ere, beharrean "asko kontzentratzen" dela azaldu du: "Lanean ari naizenean burua arindu egiten zait".
Hain zuzen ere, horiexek dira Gonzalezek sare konpontzaile lanetan hastea erabakitzeko arrazoi nagusiak: alderdi ekonomikoa, lanak ematen dion malgutasuna eta lana gustuko izatea. Haren hitzetan, baina, gazteek ez dute sare konpontzaile lanetan hastea aukeratzat hartzen, "ez dakitelako baldintzak zeintzuk diren".
Ikasketak amaitu berritan, Zumaiako Lubaki kiroldegian hasi zen lanean oriotarra, baina lan hura utzi egin zuen, Aian belardenda bat zabaltzeko. Haurdun zegoelako itxi zuen saltokia, eta erditu ondoren, Orioko belardenda batean hasi zen lanean. Sare konpontzaile jardunari ekin aurretik horretan aritu da.
Gonzalezen eta harekin lanean aritzen diren gainerako sare konpontzaileen ustez, beren lanarekiko "pertzepzio eskasa" dauka jendeak. "Sare konpontzailea naizela esan, eta...: 'Bai? Horretan, e?', erantzuten didaten askotan. Lehengo kontua dirudi", esan du langileetako batek. "Loredenda batean lan egiten duzula esan, eta jendeari polita iruditzen zaio, baina gogorra da hango lana ere", azaldu du hark. Beste behargin batek esan duenez, lan guztiak dira gogorrak, "hargatik dira ordainduak". Dena den, kostaldetik urrunxeago bizi direnek beste ikuspuntu bat daukatela iruditzen zaie, "bukolikoagoa". Hala esan dute: "Askotan esan izan didate polita dela saregilearen lana".