Lurgune euskalduna helburu

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 16a, 11:06

Goiko argazkian, Uema Egunean Itsasiko dantzariek eskainitako ikuskizuna, herriko plazan. Bigarrenean, Uemako Zuzendaritza Batzordekoak eta herrietako ordezkariak, udaletxeko ekitaldia bukatzean. Hirugarrenean, herri kirolak. Laug

Uema Eguna ospatu zuten larunbatean Azpeitian udal elkarteko kideek, Sustraiak galtzen ez utzi, euskarari eutsi lelo bezala hartuta

Lurgune euskaldun baten aldarria egiteaz gainera, festarako tokia ere izan zen

Uema Eguna ospatu zen larunbatean Azpeitian, Sustraiak galtzen ez utzi, euskarari eutsi lelopean. Bertan, "euskara nagusi izango den lurgunea ezinbestekoa" dela aldarrikatu zuten Uemakoek, Udalerri Euskaldunen Udal Elkartekoek. "Gaur egun, udalerri euskaldunetan beraietan euskarak, onenean ere erdarekin konpartitu behar ditu eguneroko esparru formalak eta ez-formalak. Euskarak, ordea, biziko bada, nagusi izango den lurgunea behar du, erdarek bezala. Eta hori da Uemak duen erronka", azaldu zuen Uemako lehendakari Jon Bollarrek, Zuzendaritza Batzordearen izenean. Gaineratu zuenez, udalerri euskaldunen eginkizuna garrantzi handikoa da euskararen normalizazio prozesuan.

Bestalde, elkarteak goizean egindako batzarrean, zei herri sartu ziren atzo ofizialki Udalerri Euskaldunen Udal Elkartean: Azpeitia, Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa), Atxondo (Bizkaia), Mallabia (Bizkaia), Otxandio (Bizkaia) eta Areso (Nafarroa). Baina beste udalerri batzuk bereganatzea da Uemaren datozen urteetarako erronka: "Uemako 52 herriez gain, bada beste udalerri euskaldun ugari, baita euskaldunen kopurua %70etik gora duenik ere".

.17 urtetan hamaika lorpen

Hamazazpi urte bete dira Uemak euskara berreskuratzeko bidean udalerri euskaldunek zuten garrantzia aldarrikatu zuenetik, Aizarnazabalen. Ordutik egindako lana eta lortutako emaitzak "handiak" izan direla azaldu zuten atzo: "Gaur egun, administrazioan euskara lan-hizkuntza izatea, onartua ez ezik, onuragarritzat ere jotzen da, eta hori, neurri handi batean, Uemak egindako lanari esker da gaur horrela. Izan ere, administrazio publikoak mendeetan eta mendeetan erdaraz funtzionatu arren, gauza izan gara egoera hori irauli eta euskaraz funtzionatzen ipintzeko".

Azpeitiko alkate IƱaki Errazkin gustura zegoen atzo Azpeitia Ueman sartu zelako: "Azpeitia Uemako kide izatea garrantzitsua da, eta asko daukagu emateko. Ilusio handia dugu marko berri horretan elkarlanean lan egiteko. Lurgune euskaldun bat behar dugulako, gaur hartu dugun bide berri horretan lan egiteko prest gaude".

Aldarria festa giroan

Lurgune euskaldun baten aldarria egiteaz gainera, larunbateko egunak festarako tokia ere izan zuen. Batzuek kirola eginez edo erromeria giroan igaro zuten Uema Eguna. 11:00etatik aurrera, herri kiroletan aritu ziren Azpeitia, Zestoa, Lea Artibai eta Aramaioko gazte koadrilak: besteak beste, zaku lasterketan, txingetan edota sokatiran lehiatu ziren. Ondoren, azoka plazan berrehun lagunetik gora bildu zen bazkaltzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide