Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali zuen atzo Iraitz Santa Cruz, ETArekin lotura duelakoan. Epailearen arabera, Santa Cruzek bi etakideri autoa utzi zien abenduaren 3an, haiek Azpeitiko Loiola auzoan Inazio Uriaren aurkako atentatua egiteko. ETAk bere gain hartu zuen gero Altuna y Uriako enpresaburuaren hilketa.
ETAk urriaren 4an Tolosako Epaitegiaren aurka bonba lehertu zuenean ere bi haiei auto bera utzi zien Santa Cruzek, epaileak atzo azaldutakoaren arabera.
Ertzaintzak duela sei egun atxilotu zuen Santa Cruz Hernanin. Harrezkero inkomunikatuta izan dute atxiloaldian eta atzo eraman zuten Madrilera epailearen aurrera, Espainiako Auzitegi Nazionalera.