Joxe Arregik fraidetza utziko duela baieztatu dute

Berria, uztarria.com 2010ko ira. 1a, 13:09

Kristautasunari lotutako hainbat agerkaritan eta Elizaren komunitatean orain arte zurrumurrua izan dena baieztatu egin da

Ekainean adierazi zuen Jose Ignazio Munilla gotzainak agindua emana ziola deserriratzeko, baina ez zuela isiltzeko asmorik

Joxe Arregi frantziskotarrak (Azpeitia, 57 urte) utzi egingo du fraidetza. Kristautasunari lotutako hainbat agerkaritan eta Elizaren komunitatean orain arte zurrumurrua izan dena baieztatu egin da. Atzo (herenegun) Berria egunkariak jakin zuenez, heldu den astean emango du Arregik erabakiaren berri. Oraingoz ez du jendaurrean, eta fraidetza uzteko arrazoirik ere ez du jakinarazi; baina ezagun izan da Jose Ignazio Munilla Donostiako gotzain berriarekin izan duen ika-mika beroa.

Munilla gotzain izendatzeko erabakiaren berri izan zenetik hasi zen Gipuzkoako Elizaren barruan giroa nahasten. Gotzain berria ez zuela gogoko azaldu zuen Arregik berak; baina Joan Maria Uriartek, Munillaren aurreko gotzainak, isilik egoteko eskatu zion, frantziskotarren ordenako buruaren bidez. "Baldintza izan zen behin-behineko isiltasun haren truke ez zirela hartuko neurri zorrotzagoak", azaldu zuen Arregik. Bakearen izenean, sei hilabete egin zituen isilik Arregik.

Baina neurri gogorragoak heldu zirela ikusita, isilik egoteko agindua haustea erabaki zuen. Ekainaren 18an gutun bat argitaratu zuen 'Berria'n. Hitzaren eske nator goiburupean, salatu zuen Jose Ignazio Munilla Donostiako gotzainak deserriratu asmo zuela. Ameriketara, "pobreekin lan egitera" bidali nahi zutela salatu zuen Arregik gutunean.

"Ur zikina"

Arregi "ur zikina" zela gaztigatu eta frantziskotarrei agindua eman zien Munillak, Arregiren esanetan. Gotzainarekin disputa publiko bat izatearen ondorioez jabetzen zela zioen Arregik gutun hartan: "Puntu honetaraino heldu banaiz, ondorioak onartzeko asmoz izan da; orain ez dut atzera egingo". Jarrera hori hartzeak ekar ziezaiokeen "prezioa ordaintzeko" prest zegoela ere erantsi zuen. Donostiako Elizbarrutiak "faltsukeria larritzat" jo zituen Arregiren gutunekoak.

Gutunak oihartzuna izan zuen. Elkarretaratzea ere antolatu zuten Bizkaiko hainbat kristau elkartek. Uztailaren 8an batu ziren, Neu ere hitzaren eske nator lelopean. "Anai-arreben arteko elkarte bat bezala bizi izatea eragozten diguten egitura bidegabeak eta prozedura ilunak salatzeko garaia" zela iritzi zioten.

Ia mende erdia beteko du azpeitiarrak fraidetzan. 1953an jaio zen, eta hamar bat urterekin hasi zituen fraide ikasketak. Hainbat jardueratan aritua da, baina ezagun da irakaskuntzan egindako lanagatik, Hemen aldizkariko zuzendari gisa aritzeagatik, eta han-hemenka argitaratzen dituen artikuluengatik. Eliza ez duela utziko argitu du egunotan Arregik, baina zer leku hartuko duen, datozen egunetan zehaztuko da.

Iaz Argia astekariak elkarrizketa egin zion Joxe Arregiri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide