ETB-1eko Mihiluze lehiaketa ezagunak denboraldi honetako zakurik potoloena banatuko du gaur (ostirala, abenduak 10). 23.370 eurokoa da aipaturiko zakuan pilatutako diru-kopurua, eta Azpeitia eta Urrestilla artean banatuko dute Igor Arangurenek eta Iñigo Unanuek. Horrenbestez, gainera, Arangurenek eta Unanuek ETB1-eko lehiaketaren historiako bigarren zakurik potoloena eskuratuko dute.
Gaur 21:30etik aurrera emango duten saioa hirugarrena izango da Mihiluze-n Igor Aranguren eta Iñigo Unanuerentzat. Aurreko bietan -joan den astelehenean eta asteartean eman zituzten saioak- finaleraino iritsi zen bikotea. Gaur botako dutena, beraz, hirugarren finala izango da, eta sari potoloa eskuratuko dute. Aurreko bi saioetako finaletan pilaturiko diruarekin, guztira, 24.000 eurotik gora irabaziak izango dituzte azpeitiarrak eta urrestildarrak.
Azpeitiar gehiago zerrendan
Arangurenek eta Unanuek osatutakoa ez da Mihiluze-n diru-sari handia eskuratutako azpeitiar bikote bakarra. Aurten bertan, Aitor Hernandezek eta Eñaut Franzesenak 24.370 euro poltsikoratu zituzten; orain arte, lehiaketaren historian bigarren kopururik altuena. Arangurenek eta Unanuek ez bezala, azken zaku potolorik ez zuten lortu Hernandezek eta Franzesenak. Bai, ordea, Mihiluze-n gehien iraun duten bikoteen zerrendan sartzea: 24 saio osatu zituzten azpeitiarrek.