Ohikoagoa da Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) antzerkian ikustea, baina duela gutxi Amasa-Villabonako II. Euskarazko Bakarrizketa Lehiaketa irabazi berri du. Ateak zabaldu eta bestaldean zer aurkituko beldurrik ez zaio, behintzat, inondik ageri.
Interpretazio munduan murgilduta zaude, baina bakarrizketan estrainekoz aritu al zara?
Antzerkia txiki-txikitatik egin izan dut, baina bakarrizketa ez nuen inoiz egin. Azaroan posta
elektroniko bat iritsi zitzaidan lehiaketaren berri emanez, eta zergatik ez?
pentsatu nuen.
Bakarrizketaren haria zein da?
Donostiako Arte Eszenikoen Eskolan ikasten ari naiz, eta interpretazioko irakasleak bakoitzari gai bat eman zigun horren inguruan zerbait egiteko. Niri zirkulua egokitu zitzaidan. Idatzi bat egin nuen, eta gelakideen aurrean antzeztu. Ondoren, kasualitatez, mezu hori irakurri nuen eta idatzitakoari forma emanda, eta benetako biribil bat osatuta aurkez nezakeela pentsatu nuen. Horri tiraka atera da lan hau.
Eta zer esaten duzu, bada, zirkuluaren inguruan?
Neuri ere zaila egiten zait oraindik azaltzea. Azken finean zure eta nire arteko harremanean, zirkulu horretan, ematen ditugun birei eta gora-beherei buruz ari naiz. Baina sentimenduak muturrera eraman nahi izan ditut.
Umorezkoa ez zen bakarrizketa bakarra zen lehiaketan. Horrek lagundu dizula uste al duzu?
Bai. Uste dut denok erlazionatzen dugula bakarrizketa komediarekin. Jendea bakarrizketak entzutera joaten denean, barre egiteko asmoz joaten da. Nire bakarrizketa idazterakoan, bakarrizketa izan behar zuela pentsatu nuen, baina ez derrigorrez umorezkoa. Hasieran beldurtuta nengoen, gainera, nirea desberdina zelako eta ez nekielako nora nihoan ere. Iritsi nintzenean, bi mikrofono estatiko eta aulki bat izan ziren ikusi nituen lehen gauzak. Eta nirea antzerki-antzerkia zen! Azken finean, ordea, ausardia agerian gelditu dela uste dut, eta neure alde jokatu duela.
Zer baloratzen dute epaimahaikideek?
Hainbat gauza; euskara edo orijinaltasuna, esaterako. Epaimahaikideek esan zutenez, nirea puskatzailea izan zen eta lehiaketari ere on egingo ziola iritzi zioten. Bakarrizketak era askotakoak izan daitezke, beti barrearen bila joan beharrik izan gabe. Umorezkoek, gainera, bigarren aldiz antzeztean, grazia gal dezakete. Nirearen kasuan, modu desberdinetan joka dezaket nire antzerkiarekin; desberdina izan daiteke beti.
Barrearekin ez bada, zerekin erreakzionatzen zuten ikusleek? Zer emozio sortu nahi zenuen?
Isiltasunarekin. Barrea eragin nahi baduzu eta ikusleak barrez ari badira, badakizu funtzionatzen duela. Baina nire kasuan, antzezten ari nintzela izugarrizko isiltasuna zegoen aretoan. Hasieratik oso argi neukan zu hori publikoa zela, orduan, ikusleekin konplizitatea lortu dut, haiei zuzenean begiratuz, seinalatuz, beste modu batera harrapatu ditut.
Edonork ikus al dezake bere burua zure hitzetan islatuta?
Ez dakit hainbesteraino izango den. Baina zu esan orduko jendearengana iristen zara; egia da hori. Hala espero dut, behintzat. Irabazi zenuela jakitean, pozez zoratzen atera omen zinen oholtzara. Ezin nuen sinetsi. Nere izena entzun nuenean, jendeartean hasi nintzen saltoka. Oholtzara igo eta salto batean ibili nintzen. Ez nekien zer egin ere, bat besarkatu, bestea besarkatu... Hitz batzuk esan behar izan nituen eta, uste dut, orduan jarri nintzela urdurien. Ez nuen espero nire izena entzutea, egindako lanarekin oso gustura banengoen ere.
Sari honek barneko ate batzuk zabalduko zizkizun, ezta?
Segurtasun maila behintzat irabazi dut. Neuk idatzi dut, neuk bakarrik landu dut, eta lehen aldiz oholtzan atera dut barruko hori. Harro nago, zentzu horretan, neuk egindako lana izan delako, hasieratik bukaerara. Eta hori ez dit inork kenduko.
Hurrengo bakarrizketa buruan al duzu?
Ez, momentuan ez. Hurrengo urtean berriro aurkeztuko naiz, noski. Bakarrik ere ondo funtziona dezakedala ikusi dut, egia da hori. Baina aurrerantzean berdin jarraituko dut, orain artekoak egiten.
Horren harira, zer egin duzu orain artean?
Batxilerra amaituta, Andoainera joan nintzen, eta bi urtez Errealizazioa ikasi nuen. Baina hori ez dela nire bidea konturatu nintzen, ez nuela kamerarekin lan egin nahi, ez erregidore moduan, ez kontrolean. Beti izan dut garbi zer egin nahi nuen, eta etxean izan dudan babesa ere zorte itzela da. AEE Arte Eszenikoen Eskolan izena eman nuen, eta hiru ikasturtetatik bigarrena egiten ari naiz orain. Antzerkian bederatzi urte nituenean hasi nintzen, Ikasberrin, eta herriz herri ibiltzen ginen. Ordutik ez diot inoiz utzi antzerkia egiteari, modu batean ala bestean. Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrean nire laugarren lana prestatzen ari gara, Ane Arenas lagunarekin ere jarraitzen dut gauzak egiten, orain lehiaketa batera joango gara, eta Zarautzen ere ari naiz lagun batzuekin lan bat prestatzen.
Oholtzara igotzean zer sentitzen duzu?
Hazi egiten naiz. Txikia banaiz ere, oholtzara igotakoan hazi egiten naizela sentitzen dut. Pilatuta dituzun urduritasun guztiak askatzen dituzunean lasai eta ondo sentitzen zara.
Ba al duzu pertsonaia kuttunik?
Pertsonaia guztiak desberdinak dira, eta hori da onena. Azken finean, egun batean hiltzaile bat izan zaitezke, hurrengoan gajo bat, hurrengoan itsua... Gainera, aktore izateko edozer egiteko prest egon behar duzu. Emandakoa hartu eta pertsonaiari neuk dakidana ematen diot, neure egiten dut, eta gustura sentitzen naiz. Eta ez banaiz gustura sentitzen, zergatik den aztertu eta buelta ematen saiatzen naiz.
Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Ez naiz aurrera begira bizi, ez dut amets handirik. Bakoitzak bere bidea dauka eta nik orain ikasi eta ahal den dena xurgatu nahi dut. Neuk orain ez daukat arazorik gaztetxe batean lagun batekin antzezteko, eta konpainia batek kontratatu eta antzokietatik biran ibiltzea suertatzen bada, hori ere ederra da. Pertsonalki, adibidez, Azpeitiko Emakumeen Taldeak asko betetzen nau, hor dagoen giroak eta hor dagoen esperientziak, helduenak eta gazteenak, horrek bete egiten nau. Oraindik gurasoekin bizi naiz, eta ez daukat presio ekonomikorik, hori egia da. Agian hori aldatzean beste era batera ikusiko dut dena. Baina bitartean, betetzen nauten gauzak egingo ditut; muxutruk bada, muxutruk, eta diru pixkat ematen badidate, hobeto. Baina norberak zeri bai esan eta zeri ez erabakitzeko nahikoa nortasun izan behar du. Badirudi mundu honetan guztiari baietz esan behar diozula, eta esaten duzun ezezko bakoitzak ate bat ixten duela. Eta ez da hala.
Amets handirik ez bada ere, helmugaren bat izango duzu, ala?
Bai, noizbait Ander Lipusen lanen batean parte hartu nahiko nuke. Haren lan egiteko modua eta gorputza erabiltzeko duen modua deigarria egiten zait. Horixe dut helburu.
Gorputza erabiltzen ere ikasi egin beharko da, ezta?
Noski. AEEn gorputzaren mugimenduari buruzko ikasgai bat izan dugu, eta asko lagundu dit; batez ere gorputza nola dagoen jakiteko, mugak eta tentsioak non dauden ikusteko, eta muga horiei zukua ateratzeko. Bakarrizketa honetan ere gorputza baliatu dut gauzak adierazteko.
Zer da lanbide honen alderik onena eta zein txarrena?
Ez da lanbide egonkorra, eta hori izan liteke alde txarrena. Bolada onak eta txarrak egongo direla badakizu, eta horietarako prest egon behar duzu beti. Betetzen nauen zerbait da, eta hori da, berriz, onena. Antzerkiak ematen didana ez dit ezerk ematen. Pertsona bezala asko ikasten duzu, zeu baitzara zeure tresna. Zeure burua ezagutzen zoazen heinean, pertsonaiei gehiago eman diezaiokezu, eta pertsonaiek ere asko erakusten dizute.