Donostiako Kontxako Badiako LXVIII. Igerialdia irabazi du Pablo Etxeberriak. Pasa den larunbatean jokatu zuten proba, eta lortutako emaitzari esker Gipuzkoako Distantzia Luzeko XI. Ligan aurrenengo postua lortu du.
Infantil mailan jokatzen du Etxeberriak, eta harekin batera, Azpeitiko Izarraitz Igerilari Elkarteko beste lau kidek hartu zuten parte, horien artean neska batek. Guztira 740 metro egin behar izan zituzten ibilbidea amaitzeko.
Lehendabizi mutilen proba izan zen, eta Jon Aizpuruk hirugarren postua lortu zuen. Jon Irigoienek hamargarren amaitu zuen, eta Markel Aranburuk, berriz, 22. postuan.
Maialen Aizpuru izan zen nesketan Azpeititik joandako bakarra, eta hamaikarren iritsi zen helmugara. Igerilari elkartetik jakinarazi dutenez, oso emaitza ona da hori. Izan ere, kontuan hartu behar da hamaika urte baino ez dauzkala Aizpuruk. Proba horretan hamalau urte artekoek irten zuten. Beraz, hurrengo urteetan podiuma lortzeko ez duela arazorik izango adierazi dute ziur elkartetik.
Emaitza onak ligan
Kontxako probarekin amaitu da distantzia luzeko mutilen Gipuzkoako liga. Guztira sei proba izan dituzte, eta sailkapenean sartu ahal izateko gutxienez lautan puntuak lortu behar izan dituzte. Etxeberriak lortu du lehen postua, eta Jon Aizpuruk bigarrena. Jon Irigoenentzat izan da laugarren postua, eta Markel Aranbururentzat, berriz, bosgarrengoa.