Egoitz Lasa: "‘Bodologuak’ikuskizuna barre egiteko sortutako antzezlana da"

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 9a, 10:11

Bodologuak laneko aktoreak: Nagore Aranburu, Egoitz Lasa eta Mikel Pagadizabal. (Txintxeta ekoizpenak)

Nagore Aranburuk, Egoitz Lasak eta Mikel Pagadizabalek antzezlan berria estreinatuko dute etzi, Azpeitian

.21:30ean izango da, Soreasu antzokian

Hiru euskal aktorek osatutako lan bat estreinatuko dute etzi, ostiralean, Azpeitiko XXIX. Euskal Antzerki Topaketetan. Bodologuak da Soreasuko antzokian estreinatuko duten antzezlanaren goiburua. Aktoreen artean hirurak dira ezagunak. Mikel Pagadizabalekin batera, eskualdeko bi aktore izango dira oholtza gainean; Nagore Aranburu azpeitiarra eta Egoitz Lasa zarauztarra. Bakarrizketa formatoan ariko dira, baina elkarren ondoan jardungo dute; txandaka edota hirurak batera oholtzan. Baina "egoera zelebre baten ondoko bakarrizketak" eskainiko dituzte. Pertsonaiek ezkontza bat izan dute, eta horregatik jarri diote goiburu Bodologuak.

Umorea ez da faltako, barre egiteko antzezlana sortu baitute. "Ikuskizun hau barre egiteko ikuskizuna da. Dauzkagun edota sortzen zaizkigun zalantzei erantzuten diegu, bakarrizketa batzuen bitartez. Adibidez, oporrak izango ditugu hizpide. Oporrak bizitzeko moduak batzuetan onak dira, eta beste batzuetan txarrak. Edota euskalduna izatea erraza al da? Ez da erraza, ez", azaldu du Egoitz Lasak.

Hirurak batera, lehenengoz

'Club de la comedia'-ren ukitua eman nahi izan diote lan berriari. "Berez hala izan nahiko luke. Baina ezkontza batetik gatoz, eta horrek gauzak hankaz gora jarriko ditu. Gure artean elkarreragin batzuk sortzen ditu, eta monologoak pixka bat aldatu egiten dira, ezkontzatik gatozelako", aurreratu ditu Lasak antzezlanaren nondik norakoak.

Aranburuk, Lasak eta Pagadizabalek azken urteetan elkarrekin askotan jardun dute lanean; 'Wazemank'-en eta 'Noaoa'-n, besteak beste. Baina oraingoan aurreneko aldiz ariko dira hirurak batera oholtza gainean. Hala dio Lasak: "Hau da lehenengo aldia hirurok eszenatoki batean batera gaudena. Baina urte mordoxka bat daramagu gidoilari bezalaeta, elkarrekin lanean".

Oraingo honetan Azpeitian eskainiko dute Bodologuak antzezlana, eta bertako zenbait ukitu ere antzemango da. "Azpeitian izanda, azpeitiarrek harrapatuko dituzten keinu batzuk izango dira. Tipikoa den zenbait kontu aipatuko da; asko ez, baina zerbait bai".

Topaketen garrantzia

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute Bodologuak, eta oso gustura daude. "Guretzako ederra da topaketen moduko programa baten barruan estreinatzea, eta horrelako antzerki zikloak egotea; batez ere antzerkia gaur egun dagoen bezala egonda, arazoak baitaude programatzeko".

Askotan ez dute sortzen duten lana non erakutsia, eta topaketek horretarako aukera ematen dutela dio. "Sarritan jendea zikloetan errazago joaten da antzerkira; ohituragatik baino errazagoa egiten zaio zikloetara joatea. Zikloetan aukera aztertu, informatu eta aukeratu egiten du jendeak". Gisako programazioek garrantzia handia dutela dio Lasak. "Ohiturak sortzeko balio dute, eta zentzu horretan Azpeitiko Topaketek hainbeste urtetan egin duten lana ez dago dudan jartzerik; ikaragarria da. Ekonomia dagoen moduan egonda, topaketek hor jarraitzea oso garrantzitsua da".

Estreinaldia, berezia

Ostiraleko emanaldia azterketa moduko bat izango dela dio Lasak. "Estreinaldia azterketa modukoa izaten da. Zerk funtzionazen duen eta zerk ez ikusteko balio du, baita jendeak zein unetan egiten duen barre eta zeinetan ez neurtzeko ere". Estreinaldiak beti bereziak direla dio. Eskualdean lana eskaintzea "gauza ederra" da, eta topaketetan estreinatzea "mundiala".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide