Astelehenean Tolosako pilota jaialdian jokatuko du Kepa Peñagarikanok

Uztarria.eus 2012ko ots. 17a, 09:43

Zubietaren lesioa tarteko, haren lekukoa hartuko du. Peñagarikano eta Aritz Lasak, Titin III eta Merino II izango dituzte kontrario. Josu Uzkudunek finala jokatuko du gaur Lezaman; Uzkudun-Altzelai eta Ioritz Arrieta-Irureta bikoteak ariko dira nor baino nor.

Azkenean Kepa Peñagarikano izango da datorren astelehenean Tolosako Pilota jaialdian Aritz Lasaren bikotea. Aitor Zubietaren lesioa tarteko, haren lekukoa hartuko du Azpeitiko pilotariak eta Titin III eta Merino II.aren kontra jokatuko du.

Hasieran batean, Iñigo Pascualek ordezkatu behar zuen Aitor Zubieta partida honetan baina hura ere ez zen sasoi betean aurkitzen eta horrela egokitu zaio Peñagarikanori Tolosako txapelketan parte hartzea.

Peñagarikanok Asperi azaldu dionez, “ez diot presioa sartu nahi nire buruari, eta beste partidu bat gehiago izango balitz bezala joango naiz. Hori bai, badakit aurkari gogorragoak edukiko ditugula aurrean”. 

Uzkudun Lezaman

Josu Uzkudun pilotari azpeitiarrak ere jokatuko du asteburu honetan. Alkizako Altzelai izango du lagun eta Ioritz Arrieta (Hernani) eta Irureta (Beasain) izango dituzte kontrario gaur (ostirala) Lezaman jokatuko duten finalean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide