Emakumeen Egunaren harira, hainbat ekimen izango dira egunotan

Uztarria.eus 2012ko mar. 6a, 13:08

Etzi, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Azpeitiko Bilgune Feministak hainbat ekimen antolatu ditu aste guztirako. Elkarretaratzeak, afaria, txotxa, antzerkia, hitzaldia eta kontzertuak, besteak beste. Bestalde, Azpeitiko Bilgune Feministak eta Urola Kostako Koordinadora Feministak martxoaren 8ra begira adierazpen bateratua kaleratun dute.

Etzi, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Azpeitiko Bilgune Feministak hainbat ekimen antolatu ditu aste guztirako. Elkarretaratzeak, afaria, txotxa, antzerkia, hitzaldia eta kontzertuak, besteak beste. Azpeitiko Bilgune Feministak eta Urola Kostako Koordinadora Feministak martxoaren 8ra begira adierazpen bateratua kaleratun dute, eta han adierazi dutenez, "gaur egungo sistema kapitalistak eragin duen krisi ekonomiko eta sozialak ondorio larriak ekarri dizkio jendartearen biziraupenari. Diruaren metaketa lehenetsi da jendartearen beharren aurrean eta emakumeen egindako lan ikusezina izan da jendartearen sostengua". Hori dela-eta, "emakumeok zer esan handia dugu, gu baikara krisiaren aurrean kaltetuenak" esan dute.

Bestalde, "eraldaketa soziala beste eredu ekonomiko baterantz bideratzeko kontuan hartu behar dira orain arte ezkutuan mantendu diren eremuak; emakumeak urteetan jendartearen biziraupena bermatzeko egindako lan ikusezinak: etxeko lanak, haurren heziketa, zaintza lanak... Lan horiek naturalki "gureak bailiran saltzen dizkigute diskurtso, mezu eta politika desberdinen bidez" salatu du Azpeitiko Bilgune Feministak. Gaineratu duenez, "lan horiek, ordea, ezinbestekoak dira biziraupenerako eta hala errekonozitu behar lituzke jendarteak, erakundeek zein norbanakoek, bere ardurapean hartuz".

Ondorioz, "gure borroka krisian ez dagoela aldarrikatzera gatoz" esan dute eta "Euskal Herriaren eraikuntzan eraldaketa soziala benetakoa izateko ezinbestean feminista izan behar duela argi dugu" adierazi dute. 

Horren guztiaren harira, eta Eraldaketa feminista Euskal Herriarentzat lelopean, elkarretaratzea egingo dute ostegunean, hilak 8, plazan, 19:30ean hasita. Lehenago, Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek egingo dute elkarretaratzea 12:00etan hasita, sahiesbideko biribilgunean. Arratsaldeko elkarretaratzea eta gero, 20:30ean, emakumeek afaria egingo dute Sanagustin kulturgunean.

Honatx Azpeitiko Bilgune Feministak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak aste osorako antolatu dituen ekimenen agenda:

Martxoaren 7a, asteazkena: Azpeitiko emakumeen historia izenburupean hitzaldia eskainiko du Lola Valverdek. Emakumeen Txokoan izango da, 19.30ean hasita. Udaleko Parekidetasun Sailak antolatu du solasaldia.

Martxoaren 8a, osteguna: 12:00etan hasita ikasleen elkarretaratzea sahiesbideko biribilgunean. Gero, 19:30ean, Eraldaketa feminista Euskal Herriarentzat lelopean elkarretaratzea, plazan. 20:30ean emakumeen afaria, Sanagustin kultugunean. Afarirako izena Sanagustinen bertan edo Emakumeen Txokoan eman daiteke.

Martxoaren 9a, ostirala: Hautsak eta Urrutiko Intxaurrak taldeen kontzertuak Orkatz tabernan, 22:30ean hasita. Bilgune Feministak Orkatz Kultur Elkartearekin elkarlanean antolatu du ekimen hau.

Martxoaren 10a, zapatua: 10:00etan hasita Autodefentsa Txokoa izango da, Emakumeen Txokoan. 21:00etan hasita Txotx Feminista eta erromeria izango dira Gaztetxean. Ikasleek eta langabetuek bost euro ordaindu beharko dituzte eta langileek zortzi euro. Ogitartekoak bertan salduko dituzte.

Martxoaren 11a, igandea: 'Sarean Zintzilikatuta' antzerkia izango da 19:00etan hasita, Gaztetxean. Edurne Agirrezabalak antzeztuko du, eta ikasle zein langabetuek hiru euro eta gainontzekoek bost euro ordaindu beharko dute.

Bestalde, martxoaren 9ra, ostirala, arte Sara Gomezen Ilunpeko bidaiak argazki erakusketa egongo da ikusgai Emakumeen Txokoan. 16:30etan zabaldu eta 20:00etan itxiko dute, egunero.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide