Zezena izenburua duen irudiarekin, Juan Mari Amenabar Otola-k irabazi du XXXIII. Sokamuturra Argazki Lehiaketa Imanol Elias Saria. 21 argazkilarik hartu dute parte Azpeitiko inauterietako sokamuturraren inguruko argazki lehiaketan. Joan den asteartean bildu zen lehiaketako epaimahaia, eta orduan hartu zuten erabakia. Bihar, larunbata, banatuko dituzte argazki onenen sariak, 12:00etan, Betharrametako aretoan.
Lehiaketan parte hartu duten argazkilarien irudiak zuri beltzean ateratakoak dira, pasa den otsailaren 19an, 20an eta 21ean, Azpeitiko inauterietako sokamuturrean. 21 argazkilarik hartu dute parte, eta guztira 91 argazki aurkeztu dituzte sokamuturra gai hartuta. Inauteri giroa gai bezala hartuta, berriz, 26 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara. Joan den asteartean irudi horiek guztiak aztertu zituzten Jabier Beristainek, Iñigo Kortak eta Gorka Arregik. Haiek osatu dute epaimahaia.
Juan Mari Amenabarrek Zezena irudiarekin lehen sariari dagozkion 365 euroak eta garaikurra jasoko ditu. Angel Olabarriaren Begirada irudia aukeratu dute bigarren posturako. Honek 235 euro eta garaikurra jasoko ditu. Valen Garciak jasoko du hirugarren saria, Soka askatzen izeneko argazkiari esker; 200 euro eta garaikurra jasoko ditu, zehazki. Laugarren sariari dagozkion 120 euroak Iñaki Etxenagusiak jasoko ditu, Lurrean argazkiagatik. Eta bosgarrenaren 80 euroak Julen Juaristik, Ixe-ixe irudiarekin.
Inauteri giroa jasotzen duen irudi ederrena saritzeko, IñakiJoaristi Altzarte Saria Jose Ramon Larrañagak jasoko du, Lan egin ondoren parrandara izenburua jarri dion argazkiarekin. Honek 150 euro eta oroigarria jasoko ditu.
Lehiaketara aurkeztutako 106 argazkirekin erakusketa zabalduko dute bihar, 12:00etan, Betharrametako aretoan. Bertan, argazki erakusketa zabaltzearekin batera, sariak banatuko dituzte. Inauterietako sokamuturraren inguruko argazkien erakusketa martxoaren bukaera arte zabalik egongo da Betharrametan, astegun arratsaldetan seiretatik zortziretara, eta asteburu eta jaiegun eguerdietan, hamabietatik ordubietara.