Egin Dezagun Bidea ekimenak euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldarria zabaltzeko proiektu berria jarri du abian: Elkartasun kantu lehiaketa. Atzo, asteartea, aurkeztu zuten lehiaketa Sanagustin kulturgunean. Herriko hamar taldek kantu bana aurkeztuko dute lehiaketara eta abestirik bozkatuena maiatzeko Elkartasun Egunaren kantu bihurtuko da. Old Bridge, Kasik, Aldexok, Skandalue, Sardin zaharrak, Belar txarrak, Segabathor, Friday's Crew, Egurra ta Kitto eta hainbat herritarrek osatutako taldea dira lehiaketan parte hartuko dutenak, eta taldeetako ordezkariek hartu zuten parte atzoko aurkezpenean. "Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan, guk gure ekarpena egin nahi dugu, musika eginez, oihukatuz, herria animatuz", esan zuten.
Martxoaren 31n, Sanagustinen aurkeztuko du zuzenean talde bakoitzak bere kantua. Eta ondoren Interneteko blog batean jarriko dituzte guztiak entzungai, apirilean. Lehiaketa bozka bidez erabakiko da eta abestirik bozkatuena maiatzeko Elkartasun Egunaren abestia izango da. Gainera, lehiaketa irabazten duen taldeak Elkartasun Egunean jotzeko aukera izango du.
Herritarrek eta adituz osatutako mahai batek izango dute botoa emateko aukera. Bozketa modu honetan antolatu dute
- %25aren balioa izango du zuzeneko aurkezpenean herritarrek bozkatuko duenak, martxoak 31n Sanagustinen bertan.
- Beste %25a, Internet bidez herritarrek bozkatzeko aukera izango dute, apiriletik aurrera martxan jarriko duten blogean.
- Eta azkenik, falta den %50a, osatuko den adituen mahaiaren iritziak balioko du.
Lehiaketaren antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Sanagustin kulturguneari, "ematen ari den laguntzagatik", eta grabazio lanetan tekniko bezala ari den Ekaitz Garmendiari. "Jarraitu dezagun bakoitza bere eremutik euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzen. Herrian behar ditugulako".