Oso gutxi geratzen da Mikel Aranbururentzat hainbeste espero den omenaldirako. Ikusmina handia da. Aranburuk gaur utziko dio futbolari izateari, "eta klubak hainbat ekitaldi xume antolatu ditu, erdilaria ezaugarritu duen diskrezioarekin eta apaltasunarekin bat eginda", dio Realak.
Partida aurretik
Dena Reala-Valentzia Espainiako Lehen Mailako azken partidaren (20:00) aurrekoetan hasiko da, 20 bat minutu inguru lehenago. Hori dela eta, zaleei eta komunikabideei estadiora behar besteko denborarekin joatea gomendatu die Realak. Aurreikusita dago omenaldia bi taldeak zelairatuz hastea, eskutik helduta Realeko eta Lagun Onak taldeko infantilak dituztela, hurrenez hurren. "Gaztetxoen presentziak 13 urterekin Mikel Aranburuk Azpeitia jaioterritik Zubietako faktoriara egin zuen jauzia irudikatuko du. Mito gipuzkoar eta txuri-urdin baten jaiotza".
Ondoren egunaren protagonista handia agertuko da, Aranburu, eta Jokin Aperribai Realeko presidenteak urre eta diamantezko domina jarriko dio.
Partida
Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak baieztatu du Aranburuk titular jokatuko duela. 427. aldiz ariko da Realarekin, azkeneko aldiz.
Partidarako klubak jokalariaren familia osoa gonbidatu du, baita beste lagun eta kide ohi ugari ere.
Partida ondoren
Partidaren ondoren aurreikusita dago Aranbururen taldekideek zelaian bertan agur egitea.
Gero Realak eta Azpeitiko Udalak omenaldi pribatu bat egingo diote palkoetan.
ETBk saio bereziak prestatu ditu
ETBk Mikel Aranbururi eskainiko saio bereziak prestatu ditu aste bukaera honetarako. ETBK Sat-ek asteburuan 2002-2003ko Reala-Atletico Madril eta 2003-2004ko Reala-Real Madril partidak emango ditu. Igandean, 14:00ak aldera, Aranbururi buruzko erreportaje bat eskainiko du; jokalariaren futbol ibilbidea errepasatuko dute eta gaurko agurreko irudiak bilduko dituzte.