Lagun Onak garaile Anaitasunaren kontrako derbian

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 10a, 12:48

Partida oso parekatua izan zen, eta 550 bat lagun bertaratu ziren Txerloia futbol zelaira. (Urola Kostako Hitza)

Alain Guridik 64. minutuan sartutako golari esker irabazi zuen azpeitiar taldeak. 550 bat lagun bertaratu ziren Txerloia futbol zelaira partida ikustera.

Joan den zapatuan, hilak 8, jokatu zuten, 30 urte eta gero, Anaitasunak eta Lagun Onakek derbia Futboleko Hirugarren Mailan. Partida oso parekatua izan zen eta 550 bat lagun bertaratu ziren Txerloia futbol zelaira, partidaz gozatzera.

Asier Olaizola Lagun Onakeko entrenatzaileak adierazi du taldea saiatu zela "aurkariei futbolean jokatzen ez uzten"; "joko garbirik egin gabe, beraien arean denbora dezente ibili ginen".Bi taldeek izan zituzten gol aukerak, eta 64. minutuan Alain Guridi azpeitiar jokalariak sartu zuen Lagun Onaki garaipena eta hiru puntuak eman zizkion gola. Anaitasunako jokalarien animoak "behera joan" zirela esan du Olaizolak, eta Lagun Onakek egin zituen aldaketak taldeari indarra eman ziela azpimarratu du. Minutu batzuetara beste gola sartu zuten azpeitiarrek, baina arbitroak baliogabetu egin zuen tantoa, "jokoz kanpo" izateagatik.

Lagun Onak seigarrena da sailkapenean, bost punturekin, eta Anaitasuna azkena, hogeigarrena, punturik lortu gabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide