Iraurgik azken segundoan lortu du garaipena

Iraurgi Saskibaloi Taldea, Uztarria.com 2012ko urr. 15a, 12:59

Avilaren kontra 73 eta 74 nagusitu ziren Caminosen mutilak. Avilako taldeak partidaren kontra egin du, mahaiko kideek partidan izan zuten akatsa tarteko, eta "ikusteko dago zer gertatuko den".

Hasi da dagoeneko Zilarrezko Adecco ligako 2012-13 denboraldia Iraurgi SBrentzat eta ezin hobeto, gainera: etxetik kanpo garaipena lortuta. Neurketara ez ziren momenturik egokienean iritsi Iurgi Caminosen mutilak, aurreko astean min hartutako jokalarien zerrenda luzea izan zelako, eta kontutan hartu behar delako Mikel Motosek ez duela taldearekin bidaiatu GBCrekin neurketa jokatu behar zuelako. Gainera aurkariak fitxaketekin ondo indartu den taldea dela erakutsi du aurredenboraldian, baina gipuzkoarrek oso neurketa serioa jokatu eta estuasunean nagusi izaten jakin zuten.

Lehen minutuetan etxekoak oso fuerte hasi dira, euren indarra baliatu nahi zuten distantzia jarri eta gerora lasaiago jokatu ahal izateko. Baina, Pantín ez zegoen horretarako. Avilakoek 5 puntuko aldea zabaldu bezain pronto, taula azpian erakustaldia ematen hasi zen eta ez zien utzi Armando Gomezen mutilei markagailuan gora egiten. Guridik 2+1eko bat lortu zuen eta Lander Lasa agertu zen ondoren bi hiruko jarraian lortzeko. Aurretik jarri zen Iraurgi eta eroso jokatzen hasi. Kearsek ere lagundu zuen bere indarrarekin taula azpian, eta amerikarrak barrura joan ezin zuenean, Justok (Ibargutxiri ondo lagundu dio baita jokoaren gidaritzan) edo Lasak topatzen zuten uztairako bidea. 19 eta 26 amaitu zen lehen laurdena, gipuzkoarren joko atsegina nagusi zela.

Bigarren laurdenean, aurrenekoan bezala, Grupo Eulenekoak topera irten ziren, bazekitelako lehenbailehen ezerezean utzi beharra zeukatela kanpotarren abantaila. Armando Gomezek bere jokalari indartsuenak, kantxaratu zituen taula azpian jokatzeko eta errebotean nagusitzen hasi ziren etxekoak. Horrek ahalbidetu zien bigarren eta hirugarren aukera edukitzea eta 7 eta 2ko partziala lortu zuten. Iurgi Caminosek hutsartea eskatu behar izan zuen, baina Villenak sartutako hiruko bati esker Avilakoak aurretik jarri ziren aspaldiko partez. Pantín berriz agertu zenera arte. Galiziarrak bizkar gainean hartu zuen taldearen erasoko jokoa eta behin eta berriz taula azpian egindako mugimendu politekin, Gaztela-Leongoen defentsa zoratzea lortu zuen. Barberenak hiruko marratik lortutako saskiratze batekin berriz aurreratu zen Iraurgi eta atsedenaldira 37 eta 41ekoarekin iristea lortu zuen azpeitiar taldeak.

Dena erabakitzeke zegoen eta guztiek ere euren armak atera zituzten neurketa euren aldera jartzeko. Lehen zatian Pantín eta izan baldin bazen Iraurgiko protagonista, hirugarren laurdeneko lehen eraso jokaldietan Kearse nabarmendu zen. Etxekoak baina, hiruko marratik min egiten hasi ziren eta, horretaz gain, errebotean ere nagusi izan ziren lehen zatian bezalaxe. Hori dela-eta, Iurgi Caminosenak defentsa zorrotzak egitera behartuta zeuden eta baloi pare bat lapurtuta eta Lander Lasaren kalitatea tarteko, aurretik mantentzen jakin zuten. Hori bai, tartea ez zen handia eta erasoan pare bat akats jarraian egitea nahikoa izan zen, aurkariak hazteko eta markagailuari buelta emateko. Hirugarren laurdena 63 eta 62 bukatu zen.

Parekotasun gehiago ezinezkoa zen. Laugarren laurdenean Pape Sowk bost puntu jarraian sartu bezain pronto, Joseba Ibargutxik eta Kearsek erantzuna eman zioten kontraerasoekin. Armando Gomezenek hirukoekin amaitu zituzten euren erasoko joko gehienak eta askotan asmatu egin zuten gainera, baina Iraurgikoek ere puntuak batzen jarraitu zuten eta 3:30 minutu faltan 71 eta 70koa erakusten zuen markagailuak. Ibon Guridiren lanak bere taldekideak bultzatu zituen defentsa sendotzera eta kontraerasoen bitartez markagailuari buelta eman ahal izan zioten gipuzkoarrek. Estuasunak akatsak egitera eramaten du normalean eta bere azken erasoan ez zuen jaurtitzen jakin ISBk. Etxekoek aukera izan zuten eta bi segundoren faltan, Lander Lasak jarritako txapela falta bezala adierazi zuten epaileek. Bi jaurtiketa libre zituzten Avilakoek 71-72koa zela markagailuan eta Luettgerodt amerikarrak ez zuen huts egin. Hutsartea eskatu zuen, gero, Iurgi Caminosek eta entrenatzaileak eskatutakoa ezin hobeto egin zuten, azken segundoan Kearseri baloia iritsi eta hegal-pibot amerikarrak bozina joka zuela lortutako saskiratzearekin garaipen erdietsi baitzuen Iraurgi SBk. Neurketa serioa jokatuta, ezin hobeto hasi du liga taldeak. Etxetik kanpo, 73 eta 74 garaipena lortuta.

Mahaikoen akatsa

Avilako taldeak partidaren kontra egin du, mahaiko kideek partidan izan zuten akatsa tarteko. Izan ere, mahaiko kideek hiruko saskiratzea puntuatu beharrean bikoa kontatu zion etxeko taldeari partidaren bukaeran, eta hiruko horrek partidaren emaitzean eragina du, 74 eta 74 geldituko litzateke-eta partida. ISBkoek adierazi dutenez, "printzipioz 73 eta 74 da partidako emaitza, baina ikusteko dago zer gertatuko den".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide