Euskarazko hedabideek elkar hartu dute, "ahots bateratua" izateko

Berria.info, Uztarria.com 2012ko aza. 21a, 13:46

Elkar hartzea erabaki dute publikoak ez diren euskarazko hedabideek. Hekimen elkartea sortu dute, "ahots bateratua" izateko, eta sinatzaileen artean dago Uztarria Komunikazio Taldea. Gaur egin dute elkartearen aurkezpena, Donostian. Albiste barruan, Iban Arregiren bideo adierazpena.

Elkar hartzea erabaki dute publikoak ez diren euskarazko hedabideek. Hekimen elkartea sortu dute, "ahots bateratua" izateko. Hainbat hedabide dira sinatzaileak, eta tartean da Uztarria Komunikazio Taldea ere. "Jakitun gara: bakarka baino, elkarrekin hobeto egingo diogu aurre dugun egoera latzari". Euskarazko hedabideak izatea nahitaezkoa dela ohartarazi dute, eta alor hori garatzen egin nahi dute ahalegina. Iban Arantzabal (Tokikom elkarteko zuzendaria) izango da Hekimen elkarteko presidentea.

Aurkezpena gaur goizean egin dute, Donostian. Finean, orain bi urte hasitako elkarlanaren fruitua da komunikabideen elkartea. Elkarlana "bideratzea" izango da Hekimenen xedea. Euskarazko hedabideena “esparru txikia” izanda ere, garrantzizkoa dela nabarmendu dute: "Asko gara, eta pertsona askorengana iristen gara". Hori ikusita, euskaldunek behar duten “eremu komunikatibo sendoa” garatzea jarri dute erronka.

Erakundeen aurrean egin beharko dute indar, besteak beste. "Serio berba egin beharko dugu diru laguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz...". Ohartarazi dute beste alor batzuetan adina indar ez dutela jarri erakundeek publikoak ez diren euskarazko hedabideetan: "Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabideen sare zabala behar bezala babesteko".

Euskal Hedabideen Behatokia sortzea jarriko die mahai gainean Hekimen elkarteak beste eragile batzuei. Aztergaiak ere zehaztu dituzte: ikerketa, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak... "Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia dugu helburu".

Iban Arregi (Azpeitia, 1975) Berria Taldeko ordezkaria

Hemen Hekimen elkartearen adierazpena osorik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide