Bihar, San Sebastian bezperaz, helduen danborradan aurten Euskaldun Egunkaria itxi zuteneko hamargarren urteurrena dela ekarriko dute gogora Azpeitiko udaletxean. Azpeitiko Udalak Egunkaria eta Berria-ko arduradunak gonbidatu ditu bihar gauerdian banderaren igoeran parte hartzera, "bi egunkariek euskararen aldeko lan eskerga egin dutelako".
Aurten, otsailaren 20an, hamar urte beteko dira Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuela. Euskarazko kazeta ixteaz gainera, hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Hurrengo egunean, otsailaren 21ean, Egunkaria-ko langileek Egunero egunkaria atera zuten; 2003ko ekainaren 21era arte iraun zuen, Berria sortu arte.
Bihar 22:15ean abiatuko da helduen danborrada Olazko Andre Mariaren plaza aurretik. Gastadoreen taldeaz gainera 26 danbor taldek hartuko dute parte; mila danbor-jotzaile inguru.
Gauerdiko hamabiak heldu orduko, herriko bandera eta ikurrina igoko dituzte udaletxeko balkoian. Ekitaldian izango dira Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriarekin batera, Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkaria, Joanmari Larrarte Berria-ko kontseilari ordezkaria eta Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria. Egunkaria itxi zutenean hamabi azpeitiarrek egiten zuten lan bertan, eta haien ordezkari bat ere izango da bihar udaletxean.
Horiez gainera, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia ere Azpeitian izango da danborradaren garaian. Eta udaletxera Imanol Elias ere gonbidatu du Azpeitiko Udalak, iazko danborradan omendu zutelako eta ezin izan zuelako joan.